Ireki ekimena aurkeztu dute, «langileen bultzadaz preso eta iheslariak etxeratzeko»
Ekimena Bilbon eta Baionan egindako manifestazioen osteko gogoeta batetik abiatu da. Etxeratze bidea bultzatzeko, Euskal Herriko beharginen artean 150.000 sinadura batu nahi ditu IrekikEuskal Herri osoko txoko guztietatik etorritako dozenaka beharginek...
Ekimena Bilbon eta Baionan egindako manifestazioen osteko gogoeta batetik abiatu da. Etxeratze bidea bultzatzeko, Euskal Herriko beharginen artean 150.000 sinadura batu nahi ditu Irekik
Euskal Herri osoko txoko guztietatik etorritako dozenaka beharginek Ireki ekimena ezagutara eman zuten zapatuan Donostian, Ibaetako Campusean egindako aurkezpenean. Irekiko bozeramaileek azaldu zutenez, ekimenaren helburua beharginen bultzadagaz euskal preso eta iheslariak etxeratze bidean jartzea izango da.Era berean, azken urteetan preso eta iheslariek gaian eragiteko «lan munduan izaniko mugapenak gainditzeko beharra» dagoela ere adierazi zuten.
Ekimena, hain zuzen ere, urtarrilaren 9an Bilbon eta Baionan euskal preso eta iheslarien alde egindako manifestazioen ostean abiatutako gogoeta batetik sortu da.
Etxeratze bidea bultzatzeko, eta Ireki ekimenaren bitartez, gainera, sinadura bilketa abiaraziko dutela iragarri dute, «inoiz Euskal Herrian egin den sinadura bilketa erraldoiena». Hain zuzen ere, beharginen artean 150.000 atxikimendu batzeko erronka jarri dute, eta horretarako, lantokiz lantoki Euskal Herri osoko beharginak mobilizatu nahi dituzte.
Boluntario bila
Tamaina horretako erronka aurrera eraman ahal izateko, Euskal Herri osoan boluntarioak beharko dituztela gaineratu dute. Boluntarioek irekia@ireki.eus posta elektronikora idatzita eman beharko dute izena.
Ekimenaren amaieran, ekainaren 17an egingo den ekitaldi publiko batean, jasotako sinadurak preso eta iheslarien arloan lanean ari diren eragileei zein euskal sindikatuei emango dizkietela nabarmendu dute.