Euskara bultzatzeko akordioa sinatu dute udalak eta merkatariek
Merkataritza guneetan euskara bultzatu nahi duen Hitzargune kanpainagaz jarraituz, Gernika-Lumoko 240 merkatarik bat egin dute udalaren euskara zerbitzuagaz -Ander ZarragaGernika-Lumoko Udal Euskara Batzordeak eta Merkatarien Elkarteak Hitzargune akord...
Merkataritza guneetan euskara bultzatu nahi duen Hitzargune kanpainagaz jarraituz, Gernika-Lumoko 240 merkatarik bat egin dute udalaren euskara zerbitzuagaz -Ander Zarraga
Gernika-Lumoko Udal Euskara Batzordeak eta Merkatarien Elkarteak Hitzargune akordioa sinatu zuten atzo, herriko merkataritza guneetan euskararen erabilera sustatzeko asmoagaz. Orain arte, merkataritza, enpresa eta ostalaritza sektoreetako 240 partaidek egin dute bat ekimen horregaz.Hitzarmen berri hori plazaratzeko, Marisa Aldamizetxebarria Gernika-Lumoko Euskara zinegotziak, Iraia Ladislao Gernika-Lumoko Merkatari Elkartuak-eko zuzendariak, Estiñe Astorkia Hitzarguneko koordinatzai- leak eta Borja Escalona merkataritza teknikariak agerraldia egin zuten, Kultur Etxean.
«Euskara batzordeagaz hitzarmen hau egiteko proposamena egin zigutenean, ideia ona iruditu zitzaigun, elkarte moduan euskara delako guk bultzatu nahi dugun lehenengo tresna», azaldu zuen Ladislaok. Hitzarmena aurrera ateratzeko Artez Euskara Zerbitzuaren laguntza eduki dutela gehitu zuen; «saltokietan dena euskaratzen laguntzeko, batez ere beraiek lagundu digute apur bat gaztelera alde batera uzten, eta egunerokotasunean denok ulertzen dugun euskara ezartzen».
Atzo sinatu zuten hitzarmenari esker, proiektu horri bultzada kualitatibo bat emateko asmoa erakutsi zuten.
Emandako lehen pausoen artean, merkatarien elkartean erabiltzen dituzten dokumentu guztiak euskaraz izatea eta bezeroari lehen hitzak euskaraz egitea izan dira. Hortik abiatuta, ahalik eta gehien euskaraz egiteko ahalegina egiten ari direla jakinarazi zuten: irudi korporatiboan, bezeroekin duten idatzizko zein ahozko harremanetan, adibidez.
Bestalde, merkataritza sektoreak dituen ikerketak edo ezagutzak euskara zerbitzuagaz partekatuko dituztela ere aurreratu zuten, elkarren arteko sinergiak bilatzeko asmoz.
Hori dena burutzeko, urtean hainbat koordinazio bilera antolatuko dituztela adierazi zuen Astorkiak, «sistematikoki elkarlanean jarduteko». Azken finean, asmoa hitzarmena praktikara eramateko marko bat sortzea dela gaineratu zuen.
«Guk uste dugu euskara etorkizuna dela, eta modernizazioaren eta kudeaketaren parte bilakatu dela, beraz, oso pozik gaude akordio horregaz», gehitu zuen Escalonak.
1991tik lanean
Hitzargune kanpaina 1991n abiatu zuen Gernika-Lumoko Udalak, merkataritza arloan ez ezik, udalerri osoan ere euskararen erabilera sustatzeko asmoagaz. Hasieratik merkataritza arloa estrategikoa izan da ekimen horretan, eguneroko bizitzan daukan eraginagatik. Azken urteetan hainbat udalerrik Gernikaren kasua hartu dute erreferentziatzat.
2001ean enpresen arlora ere zabaltzea erabaki zuten, metodologia bera ezarriz, baina bakoitzaren egoerara egokituz. Izan ere, enpresen beharrak eta egoerak oso ezberdinak dira, eta hitzarmenak arlo asko hartzen ditu.