Haitz Larrinaga, bigarren Basque Expedition Race-n
Haitz Larrinaga ondarrutarrak eta Imanol Garaizabal, Beñat Oiartzabal eta Maitane Garmendia gipuzkoarrek osatutako Euskal Raid taldeak bigarren amaitu du Basque Expedition Race iraupen luzeko abenturazko norgehiagoka. Talde euskaldunak, hain zuzen ere...
Larrinagaren taldeak, gainera, gauza handia lortu du. Izan ere, proban parte hartu duten 22 taldeetatik Euskat-ek eta Euskal Raid-ek bakarrik lortu dute ibilbide osoa burutzea. «Bigarren gindoazela jakinda, eta postu hori ziurtatuta genuela jakinda, lasterketa osoa betetzea izan da gure helburu nagusia. Guretzat ibilbidea osorik egitea lorpen handia izan da».
Euskal Raid taldeko ondarrutarraren iritziz, proba oso gogorra izan da. Parte hartzaileek gelditu gabeko hiru eguneko proba egin dute, eta hiru egunetan lo gutxi egin dutela adierazi du. «Hiru egunetan, denetara, 40 bat minutu lo egin ditugu. Azken bi egunak, ezer lo egin barik».
Probari dagokionez, zatirik gogorrena bizikletako bigarren zatia izan zela aitortu du Larrinagak, hotz handia pasa zutelako. Parterik zailena, ostera, Gorbeiako trekkinga izan zen. Ia 50 kilometroko trekkinga 22 ordu inguruan egin zuten, gelditu barik. «Orientazioagaz nahikoa hanka sartze egin genituen, eta hor nahikoa denbora galdu genuen. Gerokoan, galdutako denbora hori ezin berreskuratuta ibili ginen».
Maila ona
Euskal Raid taldeagaz gain, euskaldunez osaturiko beste talde batek ere parte hartu zuen lehian: Lea-Artibai Raid-ek, hain zuzen.
Nagore Elu ondarrutarrak, Andoni Etxebarria berriatuarrak, Jabi Anitua etxebarritarrak eta Manu Rueda markina-xemeindarrak osatutako taldeak maila ona erakutsi zuen, baina sailkatzeko aukera barik geratu ziren. Eskualdeko taldeak etapa batean nahikoa arazoa izan zituen, eta antolatzaileen laguntza behar izan zutenez, sailkapenetik kanpora geratu ziren. Hala ere, hurrengo etapa guztiak amaitzea lortu zuten.