Lointek Gernika Bizkaiak erabateko nagusitasuna erakutsi du C.R.E.F. ¡Hola! taldearen kontra
Talde gernikarra 39-68 nagusitu zen atzo eguerdian, madrildarrek baino talde sendoagoa dutela agerian utziz. Jarraian irabazten duen laugarren partida da honakoa (lehen jardunaldian soilik galdu zuen).
Garaipenari esker, Gernika-Lumoko taldea Emakumezkoen Ligaren sailkapenean hirugarren postuan finkatu da, Perfumerias Avenidaren eta Spar Citylift Gironarengandik puntu bakarrera ( bederatzi puntu ditu Lointek Gernika Bizkaiak eta hamar puntu dituzte beste biek). Hain zuzen ere, asteburu honetan liderraren kontra jokatuko du Malosten.
Lointek Gernika Bizkaiako jokalariek atzo ia 20 minututan partida erabakita utzi zuten. Partidako lehen jokaldian Maria Pina talde gernikarreko valentziarraren saskiratzea hurrengo minutuetan etorriko zenaren lehen abisua izan zen.
Zortzigarren minuturako 5-12 markagailuagaz ziren, eta hamar puntuko aldeagaz amaitu zuten lehen laurdena: 7-17.
Bigarren laurdenaren hasieran, Maria Asurmendi naparrak bi hiruko sartuta aldea handitzea lortu zuen. Baina, erasoan bakarrik ez, defentsa lanetan ere bikain aritu zen talde gernikarra. Horrela 16-37ko emaitzagaz joan ziren aldageletara.
Partida erabakita zegoen, baina, lasaitu beharrean, Lointek Gernika Bizkaiaren jokalariek beren jokoa lantzen jarraitu zuten, aurkariari aukerarik eman barik. Hasieratik amaiera arte kantxan nagusi izan zen talde gernikarra, eta esate baterako, 23 puntuko aldeagaz amaitu zuten hirugarren laurdena: 28-51.