Gernika R.Tk 45-24 galdu du Cisneros talde madrildarraren kontra
Partidako zenbait momentutan bi taldeen arteko berdintasuna egon arren, basurdeek ezin izan zuten garaipena lortu.
Basurdeek markagailua estreinatzeko aukera izan zuten, baina, Pichlerrek ez zuen transformazioan asmatu, eta ondoren, etxekoek hartu zuten aurrea markagailuan.
Justin Friedrichek lortu zuen gernikarren lehen entsegua. Gero, 7-7ko markagailuagaz zeudela, Pichlerrek jaurtiketan huts egin zuen, markagailuan aurretik jartzeko aukera galduz.
Talde gernikarraren akatsak ondo aprobetxatu zituen etxeko taldeak, eta horrela heldu zen horien beste entsegu bat. Hala ere, Eduardo Madaganen eta Nico Martinezen jokalariak ez zeuden amore emateko prest, eta entsegua lortu zuten (Pichlerrek ez zuen transformatu).
Markagailuan gero eta alde handiagoa zuten, eta basurdeek partida maldan gora zutela heldu ziren atsedenaldira. Bigarren zatian markagailua berdintzeko lan asko egin beharko zutela bazekiten.
Lehen zatiaren moduan hasi zuten bigarrena ere. Hasi eta bi minutu eskasera puntuak pilatzen jarraitu zuen talde madrildarrak.
Orduan, talde gernikarrak atzean sartu beharrean erasora jo zuen, eta esfortzu horrek saria izan zuen, beste entsegu bat lortu baitzuten.
Zelaian erosoago zebiltzan basurdeak, eta Aitzolek beste entsegu bat egin zuen. Baina, etxeko jokalariek ere beren jokoagaz jarraitu zuten, eta norgehiagoka amaitzeko hiru bat minuturen faltan beste entsegu bat lortu zuten.
Partida erabakita zegoen, baina, azken jokaldian erasoko bonus-puntua eskuratu zuten gernikarrek.