Fakturatze elektronikoari buruzko lan saioa egingo dute Bermeoaldeko Behargintzan
Autonomo eta negozio txikiei zuzendutako lan saioa izango da, horiek fakturaze elektronikoaren lege berrira moldatzen ikas dezaten.
Eusko Jaurlaritzak, SPRIren bitartez, eta Bermeoaldeko Behargintzaren kolaborazioagaz antolatu du aipatu lan saioa. Tailerra azaroaren 2an, eguaztenean, izango da, 13:30etik 16:30era, Bermeoaldeko Behargintzaren bulegoetan. Jakinarazi dutenez, parte hartzaile bakoitzak bere ekipamendu informatikoak eroan beharko ditu tailerrera.
25/2013 legearen arabera, admnistrazio publikoaren hornitzaileak diren enpresak formatu elektronikoan bidali behar dituzte administraziora bidalitako faktura guztiak. Horregatik, erabaki dute fakturatze elektronikoaren inguruko lan saioa antolatzea.
Azaroaren 2ko tailerrean fakturatze elektronikoarekin zerikusia duten arlo ezberdinak eta faktura elektronikoak sortu eta bidaltzeko beharrezko aplikazioak aztertuko dituzte.
Bermeoaldeko Behargintzako bulegoetara hurbilduta eman daiteke izena, 94-617 91 90 telefono zenbakira deituta edota prospekzioa@bermeo.eus-era idatzita. Azaroaren 2an joan ezin duten horiek Behargintzarekin harremanetan jar daitezke.