Bermeoko Euskara Aholku Batzordea bihar batuko da
Hain zuzen ere, 19:00etan batuko direla azaldu dute Gizarte eta Kultura Etxeko Gaztelekuan.
Biharko batzarrean, besteak beste, kirolean eta aisialdian datozen hilabeteetan egingo den lanaren inguruan ariko direla jakinarazi dute. Bestalde, euskara sustatzeko Geuk eus kanpainaren baitan orain arte egindakoaren balorazioa osatuko dute, bai eta azaroaren 26an egingo den Miñe lamiñe ekitaldiaren nondik norakoak aztertu ere.
Euskara saileko arduradunek batzorde horretako kideekin partekatuko dituzte gai horiek, euren iritziak, proposamenak eta ekarpenak ezagutzeko. Orain arte egindako gainontzeko batzordeen modura, «bilera emankorra eta mamitsua» izatea espero dute.
Informazio gehiago gura duten herritarrek Bermeoko Udaleko Euskara Sailera deitu dezakete (946179122) edo euskera@bermeo.eus helbide elektronikora ere idatzi ahalko dute.