Bermeoko
irakurleen txokoak etapa berri bati ekingo dio eguaztenean. Orain arte Isa Castillok egindako
dinamizatzaile lanak, Alaine Agirre idazle bermeotarrak egingo ditu. Taldea, gainera, «jendetsuagoa» izango da. Maite Alvarez euskara teknikariak jakinarazi duenez, iazko ikasturtea 17 lagunekin amaitu zuten, eta, aurten,
25 lagunek eman dute izena.
Goizean egin dute ikasturte berriko aurkezpena liburutegian
Agirre «oso pozik» agertu da gaurko aurkezpenean: «Bermeotarra izanda, ohore bat da bertoko irakurleen txokoaren dinamizatzailea izatea». Irakurtzea «beste mundu baterako pasabidea edo zubia» izan daitekeela dio; beretzat, idaztearekin batera, hori izan dela aipatuta. Horregatik,
balizko irakurle eta liburuzale guztiak animatu ditu parte hartzera.
Ikasturte bakoitzean
zortzi liburu irakurri eta horiei buruz berba egiten dute irakurleen txokoan. Parte hartzaile guztien artean komentatu ahal izateko liburu «atseginak» aukeratzen saiatuko dela esan du Agirrek: «
Atseginak, interesgarriak eta irakurterrazak izango dira liburuak. Parte hartzaileak aktibo izateko, gainera, denon artean liburu batzuk aukeratzea izango litzateke nire asmoa».
Irakurleen txokoan batuta, irakurri dutena, sentitu dutena eta bizi izan dutena azaltzeko aukera izango dute. Parte hartzaileek Agirreren laguntza izango dute horiek guztiak azaleratzeko orduan. «Inor behartu barik, denek berba egitea gurako nuke», esan du dinamizatzaile berriak.
Landuko duten
lehenengo liburua Ana Malagonen Lasai, ez da ezer gertatzen izango da.
Azaroan, berriz,
Annie Ernauxen Pasio hutsa liburuaz jardungo dute.
Egun aldaketa
Ikasturteko
lehenengo irakurleen txokoa etzi egingo badute ere,
aurrerantzean egun aldaketa egingo dute eta
barikuetan batuko dira, ordua mantenduta:
18:30etik 20:00etara.
Hileroko dinamikaz gain, idazleekin topaketak eta solasaldiak egiten jarraituko dutela esan du euskara teknikariak: «Idazleen lana lehen eskutik ezagutzeko aukera ezin hobea eskaintzen dute, euren lana hobeto baloratzeko eta ezagutzeko aukera ematen dutelako. Irakurleen eta idazleen arteko solasaldiak, gainera, oso interesgarriak izaten dira, eta aurten ere berdin egiten jarraituko dugu».