Denboraldiko hirugarren garaipena lortu du Lointek Gernika Bizkaiak Malosten
Talde gernikarrak 68-47 irabazi dio Quesos El Pastor taldeari, laugarren jardunaldian. Hasieratik nagusi izan da etxeko taldea, eta kantxan erakutsitako defentsa lana giltzarria izan daLointek Gernika Bizkaiak 68-47 irabazi zion Quesos El Pastor (Zamar...
Talde gernikarrak 68-47 irabazi dio Quesos El Pastor taldeari, laugarren jardunaldian. Hasieratik nagusi izan da etxeko taldea, eta kantxan erakutsitako defentsa lana giltzarria izan da
Lointek Gernika Bizkaiak 68-47 irabazi zion Quesos El Pastor (Zamarat) taldeari Malosten, herenegun iluntzean.Bertaratutakoen gozamenerako, hasierako minutuetatik nagusi izan zen etxeko taldea. Batik bat defentsa lan sendoari eta talde lan bikainari esker lortu zuen garaipena. Carterrek sekulako partida jokatu zuen, eta beste jokalariek ere jokaldietan asmatu zuten.
Asurmendiren hirukoagaz eta Carterren saskiratzeagaz hasi zen Malosteko lehia. Bizi kantxaratu ziren etxeko jokalariak, eta horren adierazgarri da bosgarren minuturako zuten 11-4ko markagailua.
Carter geldiezin zebilen, eta talde gernikarrak ez zuen arazorik ez zailtasunik izan bere jokoa egiteko.
Lehen laurdeneko azken minutuetan, Diez eta Garcia kantxaratu zituen Mario Lopez entrenatzaileak, defentsa indartuz. 11 puntuko aldeagaz amaitu zuten lehen laurdena (21-10).
Halaber, Lointek Gernika Bizkaian ez dagoela erreferente bakarra erakutsi zuen Pinak, bigarren laurdenean. Zamarat indartu zenean, erasorako ardura be- regain hartu zuen.
Izan ere, Zamorako taldeak (Gaztela eta Leon, Espainia) partida zaildu zuenean, sufritu egin zuten etxeko jokalariek.
Defentsan sendo
Erasoko jokaldi gutxiago sortu arren, defentsa lanetan sendo zebilen Gernika-Lumoko taldea. Horren adierazle dira lehen zatiko datu hauek: zazpi baloi lapurtu, eta aurkariek beste hamahiru galtzea eragin zuten.
38-24ko emaitzagaz heldu ziren atsedenaldira. Lointek Gernika Bizkaiaren 38 puntuetatik 16 puntu Carterren saskiratzeekin lortu zituzten.
Hirugarren laurdenean indartsuago kantxaratu zen Zamarat. Ez zuen partida galdutzat eman, eta defentsa lana sendotu eta bizkorrago jokatu zuen. Baina, hori ez zen nahikoa izan eta hamar puntuko aldeari eusten zion etxeko taldeak (42-32).
Aurkariak aldea murrizten ahalegindu arren, Gernika Bizkaiako jokalariek ez zioten utzi. Ondorioz, 51-33ko markagailuagaz amaitu zuten hirugarren laurdena.
Sailkapenean hirugarren
Hirugarren garaipena jarraian eskuratu du Malosteko taldeak, eta ondorioz, Emakumezkoen Ligako sailkapenean hirugarren postuan dago.
Lointek Gernika Bizkaiak 7 puntu bildu ditu orain arte; Bembibre sailkapeneko laugarrenak ere puntu kopuru bera dauka.
Puntu bat gehiagogaz daude sailkapeneko lehenengo bi taldeak. Perfumerias Avenida da sailkapen buru, eta Spar Citylift Girona da bigarrena.
Bosgarren jardunaldian, Lointek Gernika Bizkaiak C.R.E.F. ¡Hola! taldearen kontra jokatuko du domeka eguerdian, Madrilen (Espainia).