Basurdeek 12-17 galdu dute denboraldiko bigarren norgehiagoka
Amaiur Torneoaren bigarren jardunaldian Gernika RTk 12-17 galdu zuen Marzola RC La Riojaren kontra zapatuan, Urbietan. Batik bat hasierako 20 minutuetan eta bigarren zatian oso ondo aritu ziren etxekoak. Baina partidaren azken bost minutuak zoritxarrek...
Hala ere, oso jarrera ona erakutsi zuten. Haiek erakutsitako kemena eta entrenatzeko eta ikasteko duten gogoa fruituak ematen hasi da, eta espero dute, horrela jarraituz gero, hori emaitzetan islatzea. Lehenengo jardunaldian legez, motibazio itzelagaz zelairatu zen etxeko taldea. Gainera, Letiren entsegu bati esker, markagailuan aurretik jarrita hasi zuten lehia.
Jokoan nagusi ziren basurdeak, baina sortutako aukerak gauzatzea falta izan zitzaien. Minutuek aurrera egin ahala, errioxarrek etxekoen presioa gainditzea lortu zuten, eta horrela heldu zen haien entsegua. Jokaldi hori kolpe psikologiko handia izan zen basurdeentzat; haien jokoan eragin zuzena eduki zuen. Izan ere, aukerak eduki arren, ez zuten horiek definitzen jakin.
Egoera hori aprobetxatuta, atsedenaldira heldu aurretik, bisitariek haien bigarren entsegua eskuratu zuten. 5-10eko emaitzagaz joan ziren aldageletara.
Aurkariak estutuz
Baina basurdeak ez zeuden amore emateko prest, eta atsedenalditik bueltan errioxarrak presionatzen hasi ziren berriro. Horri esker, jokaldi itzela eginez, Gindik hegaletik ihes egin, eta entsegua sartu zuen (transformatu ere egin zuen). Etxeko jokalarientzat zein zaleentzat une pozgarria izan zen, 12-10 jarri baitziren aurretik.
Hurrengo minutuetan ere, basurdeek estu hartu zituzten aurkariak, baina puntuak pilatzea falta izan zitzaien. Lehia amaitzeko bost minutu falta zirela, etxekoen presioa gainditu, eta jokaldi bat beste bategaz lotuta, entsegua lortu zuten errioxarrek. Etxekoen defentsa lan ona ez zen nahikoa izan errioxarren garaipena saihesteko.