Ajangizeko zazpigarren
Euskal Jaia ospatuko dute zapatuan
Kanpantxu auzoan. Baserri giroa ardatz hartuta, festak
goizetik iluntzera iraungo du, musika, jana, herri kirol eta edatekoarekin.
Eguna hasteko, herritarrek
dantza berezi bat egingo dutela aurreratu du Mikel Ander Zubizarreta alkateak. Berak azaldu bezala, «remix bezalako bat izango da; betiko euskal musika doinu modernoagoen dantzekin tartekatuko ditugu herriko zortzi pertsonek. Zerbait ezberdina izango da eta barre pilo bat egingo dugu», adierazi du.
Jarraian, Kanpantxu auzoko baserrietatik
poteoa egingo dute. Ibilbidea girotzeko, Joseba Andoni trikitilaria ere han izango da.
Egun berezia izanik,
baserritarrek atariak apainduko dituzte: batzuek antzinako tresnak jarriko dituzte etartean; beste batzuek artoa, piperrak eta oiloak. «Aurreko egunetan baserrietara jan-edana ere eramaten dugu, baina beti ateratzen dute salda edo txorizo frijitua», azaldu du alkateak. Bertaratzen direnek
argazkia ateratzeko tartea ere hartuko dute, gero udalak urtero egiten duen egutegian azaltzeko.
Bazkaria, herri kirolak eta erromeria. Ibilbidea bukatu ostean,
auzoko txokoan bilduko dira denak,
bazkaria egiteko. Menua ohikoa izango da: entsalada, berakatz zopa, gisatua, gazta eta eta menbrilloa, kafea eta kopa. Bazkariaren gastuak ordaintzeko, pertsona bakoitzak hogei euro jarri beharko ditu. Poteoan bakarrik parte hartu nahi dutenek, berriz, bost eurotan izango dute izen ematea. Bazkarira joan nahi dutenek gaur dute apuntatzeko azken eguna, Ajangizko Herriko tabernan, Kanpantxuko Abi-Alai txokoan eta herriko Kultur Etxean.
Ostean,
herri kirol ezberdinen
erakustaldia egingo dute. Aurten, Ernesto Ezpeleta
Bihurri aizkolari errekorduna ere izango da Kanpantxun. Egurra mozten daukan trebetasuna erakusteko, esku batekin enbor bat ebakiko du. Horrez gain, motozerrarekin zurezko figura bat ere egingo du Ezpeletak.
Erakustaldia bukatzean, adin guztietako herritarrek aukera izango dute txokor batzean, trontzan, txingan eta zaku lasterketan onena zein den erakusteko.
Iluntzean jaiak ez du etenik izango, eta,
20:00etatik aurrera, Gauargi erromeria taldea arduratuko da Kanpantxuko gaua alaitzeagaz.
23:00ak inguruan, erromeria bukatzean, jaiak jarraipena izango du, bertakoek txosnan eta txokoan jarriko duten musikarekin. «Jaiak indarrek eutsi arte irauten du orduan», dio Zubizarretak.