19 bikotek parte hartuko dute Mutrikuko pala txapelketan
Mutrikuko pala txapelketa asteburuan hasiko da. Danok Bat Pelotazale Elkarteko kideek jakitera eman dutenez, txapelketa, ohi modura, bi mailatan banatuta jokatuko da. 1. mailan hamar bikotek eman dute izena, eta 2. mailan, aldiz, bederatzi bikotek.Part...
Parte hartuko duten bikote gehienak mutrikuarrak baldin badira ere, inguruko herrietatik hainbat parte hartzaile egongo direla aurreratu dute antolatzaileek. «Ondarroa, Zumaia, Aizarnazabal, Eibar eta Soraluze moduko herrietako bikoteek parte hartuko dute txapelketan».
Bihar, 09:00etatik aurrera, bost partida jokatuko dira Miruaitz frontoian, eta etzi, berriz, beste bi partida jokatuko dira 09:00etatik aurrera. Lehen jardunaldia amaitzeko azken lau partidak datorren eguaztenean jokatuko dira, 19:15etik aurrera.
Gipuzkoako txapelketa
Mutrikuko pala txapelketaz gain, Gipuzkoako txapelketako norgehiagokak ere jokatuko dira datozen egunotan Miruaitzen. Danok Bateko Igor Elezgaraik eta Xabi Garaldek osatutako bikoteak nagusien 1.mailako partida jokatuko dute gaur, 21:30etik aurrera, Real Sociedadeko bikotearen aurka.
Palaz ez eze, zesta-puntako Gipuzkoako txapelketa ere jokatuko da Mutrikun. Gazte mailako Aitor Manzisidorrek eta Jon Iparragirrek gaur, 20:30ean jokatuko dute partida Miruiatzen, Kostakoak taldearen aurka. Etzi, aldiz, nagusien 2.mailako zesta-punta partida jokatuko dute Mikel Manzisidorrek eta Ekaitz Mendizabalek Zumaiaren aurka, 12:00etan.
Gipuzkoako txapelketaz gain, Udazken txapelketa ere jokatuko dute Danok Batekoek. Alebin eta txiki mailako partidak jokatuko dira bihar, 16:30etik aurrera.