Musika, jolasak eta lehiaketak egongo dira Teresa Donearen jaietan
Zapatuan eta domekan ospatuko dira Atxondoa auzoko jaiak. 22. Margo Lehiaketa egongo da aurten, 3tik 11 urte bitarteko umeei zuzenduta. 17:00etan hasiko dira jolasakBatez ere umeei begirako jaiak badira ere, nagusiek ere ondo pasatzeko aukera izango du...
Zapatuan eta domekan ospatuko dira Atxondoa auzoko jaiak. 22. Margo Lehiaketa egongo da aurten, 3tik 11 urte bitarteko umeei zuzenduta. 17:00etan hasiko dira jolasak
Batez ere umeei begirako jaiak badira ere, nagusiek ere ondo pasatzeko aukera izango dute asteburuan, Atxondoa auzoan ospatuko diren Teresa Donearen jaietan. Urtero modura, margo lehiaketagaz hasiko dira jaiak, sainduaren egunean bertan.Markina-Xemein eta bere inguruak margotu beharko dituzte aurten 22 urte betetzen dituen margo lehiaketan parte hartu nahi duten 3tik 11 urte bitarteko umeek. Adin horretatik gorakoak ere, ongi etorriak izango direla jakitera eman dute antolatzaileek, baina, kasu horretan, lehiaketatik kanpo egongo dira, eta ez dute saririk edukiko.
Lehiaketan parte hartzen duten margolariak lau taldetan banatuko dituzte: 3 eta 4 urtekoak, 5 eta 6 urtekoak, 7 eta 8 urtekoak eta 9, 10 eta 11 urte dituztenak.
10:00etatik 13:00etara edukiko dute aukera, parte hartzaileek, kontrol markak jartzeko, eta hortik aurrera, margotzen hasi ahalko dira. Bikale tabernan jarriko dizkiete markak, eta han entregatu beharko dituzte bai eta amaitutako lanak ere. Margolanak 15:00etan bilduko dituzte.
Margotzeko teknika, bestalde, librea izango da. Beraz, arkatz markatzaileak, argizarizko pinturak, olioa… erabili ahalko dituzte parte hartzaileek. Hori bai, bakoitzak bere tresnak eraman beharko ditu margotzeko.
Maila bakoitzeko hiru sari banatuko dituzte, eta sari banaketa Bikalen egingo da 20:00etan. Horrez gain, lan guztiak ikusgai egongo dira tabernan hilabete osoan.
Buruhandiak eta zumba
Iaz bezala, Deiene Garcia Iragorri eta Nerea Unanua Otxoantesana Sormen Lantegiko arduradunek osatuko dute epaimahaia.
Auzokoek prestatutako txokolatea, buruhandiak, txingak eta aulki jokoa edukiko dituzte umeek, 17:00etatik aurrera, jaiekin gozatzeko. Horrez gain, egurrezko parkea ere egongo da, Markina-Xemeingo Guraso Elkarteak antolatuta.
Iaz izandako arrakasta ikusita, gainera, zumba ere antolatzea erabaki dute guraso elkartekoek. Horrela, Dzenana Usanoviceren gidaritzapean gorputzak astintzeko aukera edukiko dute dantzazale txiki, gazte eta nagusiek.
Beste alde batetik, IX. Dardo Txapelketa lehiatuko da aurten, eta urtero legez, punteri hoberena duenak diana eta dardoak etxera eramango ditu, sari modura.
Angel Eizagirre Angel Egia-k jarriko dio doinua zapatu arratsaldeari.
Beti-betiko jolasak zapia harrapatzen, zero-zero, puxikak apurtzen, aulkien jokoa… ez dira faltako Teresa Donearen jaietan, ez zapatuan ez domekan. Horrela, domeka goizean, berriz ere, kalera aterako dira buruhandiak, 12:00ak aldera, ume eta gaztetxoei aringa-aringa aldiak eragiteko; eta jokoak ere egongo dira.
Bikale aurreko aparkalekua izango da jaiaren muina, eta bertan egingo dira jaietako ekitaldi gehienak. Hori dela eta, zapatuan eta domekan autoa bertan uztea galazota egongo da.