Ispaster eta Lekeitio, film bereko agertokiak
Fernando Franco zinema zuzendaria 'Morir' bigarren film luzea grabatzen ari da egunotan, Euskal Herriko hainbat herritan. Ispasterren eta Lekeition ere grabaketa saio batzuk egin dituzte.Paraje ederrak daude Lea-Artibain eta Mutrikun. Hain ederrak ze, ...
Fernando Franco zinema zuzendaria ‘Morir’ bigarren film luzea grabatzen ari da egunotan, Euskal Herriko hainbat herritan. Ispasterren eta Lekeition ere grabaketa saio batzuk egin dituzte.
Paraje ederrak daude Lea-Artibain eta Mutrikun. Hain ederrak ze, behin baino gehiagotan film eta telesailetako agertoki bihurtu izan direla. Eta Fernando Franco zinema zuzendariak ere eskualdeko bi herri aukeratu ditu grabatzen ari den filmeko pasarte batzuk kontatzeko: Ispaster eta Lekeitio.Grabaketa asko eta askotan gertatzen den bezala, grabaketa saioak noiz eta non egingo diren zehatz jakiterik ez badago ere, HITZA-k jakin ahal izan du Francoren Morir filmeko grabaketa saioren bat edo beste egin dutela Lea-Artibain.
Franco zinemagilearen bigarren film luzea da Morir. Protagonistak Marian Alvarez eta Andres Gertrudix aktoreak dira. Eta filma Euskal Herrian grabatzen ari dira egunotan. Gaur, esaterako, Donostian egingo dute grabaketa saio bat.
Filmak bi protagonista nagusi ditu: Luis (Andres Gertrudix) eta Marta (Marian Alvarez). Gaixotasun bat tarteko, bi protagonisten bizitzak guztiz aldatzen dira. Gezurra, beldurra eta errua nahastuz, bikotearen arteko maitasuna da filmaren hari nagusia.
Ispasterren, Lekeition eta Donostian grabatzeaz gain, Plentzian, Nafarroan eta Madrilen (Espainia) ere aritu dira grabatzen.
Filma Kowalski Films euskal ekoiztetxeak eta Andaluziako (Espainia) Ferdydurke Films ekoiztetxek ekoiztuta dago. Grabaketa saioak irailaren 26an hasi zituzten, eta aurreikuspenen arabera, urriaren 29an Sevillan (Espainia) amaituko dituzte. «Kanpoan egin behar diren grabaketetan eguraldia kontuan hartu behar da, baina momentuz ondo goaz», aurreratu du zuzendariak.
Franco ospe handiko zinemagilea da. Muntaketan esperientzia handia dauka (Blancanieves, No tengas miedo, Que dios nos perdone), eta 2013an lehenengo film luzea grabatu zuen: La Herida. Film hori, hain justu, 61. Donostiako Zinemaldiko protagonistetako bat izan zen, eta epaimahaiaren sari berezia eskuratu zuen. Horrez gain, Marian Alvarez aktoreak Zilarrezko Maskorra lortu zuen film horretan egindako lanagatik.
Baina Franco haratago ailegatu zen. Espainiako Goya sarietan sei izendapen lortu zituen eta bi eskuratu: Zuzendari Nobel Onenaren saria eta Emakume Aktore Protagonista Onena (Marian Alvarez).
Forque sarietan ere Film Onenaren Saria eskuratu zuen, eta Alvarez ere saritu zuten.
Naziorte mailan ere entzutetsua izan zen La Herida: European Film Academy sarietan Emakumezko Aktore Onenaren Saria eta Zuzendari Nobel Onenarena lortu zituen.
Filma, zabalagoa
Francok azaldu duenez, Morir filmak zerikusia dauka La Herida filmagaz. «Pertsonaietan antzekotasuna dago. Eta ez bakarrik izaera aldetik. Izan ere, bikotea bera ere beste pertsonaia bat da, garatzen eta aldatzen doana».
Dena dela, aurreko filmagaz alderatuta, Morir zabalagoa dela argitu du. «Narrazio eta drama aldetik, paisaiak oinarrizko garrantzia dauka».
Filma noiz estreinatuko den aurreratu ez badute ere, estreinatzen denean Ispaster eta Lekeitioko bizilagunek euren herriko txokoak paintaila handian ikusteko aukera edukiko dute.