Etzi larriki gaixorik dauden presoen etxeratzea eskatuko dute Donostian
Legea betetzeko eta larriki gaixorik dauden hamar presoen kasuak aztertzeko eskatuko dute Donostiako kaleetan. Madrilen eta Parisen entzun ditzaten nahi duteSare herritarrak deituta, larriki gaixorik dauden euskal presoen giza eskubideen aldeko manifes...
Legea betetzeko eta larriki gaixorik dauden hamar presoen kasuak aztertzeko eskatuko dute Donostiako kaleetan. Madrilen eta Parisen entzun ditzaten nahi dute
Sare herritarrak deituta, larriki gaixorik dauden euskal presoen giza eskubideen aldeko manifestazioa egingo da etzi, Donostiako kaleetan zehar. Presoen etxeratzea eskatuko duen martxa Bulebarretik abiatuko da, 17:00etan, Salatzen dut. Larriki gaixorik dauden euskal presoak leloagaz.Sareren arabera, gaur egun, hamar dira larriki gaixorik dauden euskal presoak: Ibon Iparragirre ondarrutarra, Jose Ramon Lopez de Abetxuko, Jagoba Codo, Aitzol Gogorza, Jesus Maria Martin, Iñaki Etxeberria, Gorka Fraile, Garikoitz Arruarte, Ibon Fernandez Iradi eta Josetxo Arizkuren. Horiei espetxealdi arindua ezartzea Espainiako legediak ez eze, nazioarteko hainbat itunek ere onartzen dutela gogora ekarri dute Sareko kideek. Legea betetzeko eta hamar presoen kasuak aztertzeko eskatuz Donostiako kaleak bete nahi dituzte etzi.
Gehienak, sakabanatuta
Adierazi dutenez, gainera, gaixo dauden presoetatik zortzi sakabanatuta daude. «Askotan esan izan dugu, sakabanaketaz gain, larriki gaixo diren euskal presoak espetxean mantenduz ezartzen den espetxe politika honek, gorroto eta mendeku logikari besterik ez diola erantzuten. Eta gorrotoagaz, jendarteari ezinezko zaio benetako bake eta bizikidetza eskenatoki bateruntz urratsak egitea».
Joseba Azkarraga eta Ixiar Arteaga Sareren ordezkariek jakinarazi dutenez, manifestazioaren bidez Madrilen eta Parisen entzun ditzaten nahi dute, eta eskubide urraketen egoera konponbideagatik aldatu behar dela azpimarratu dute. «Ez dugu nahi gauzak orain arte bezala jarrai dezaten, eta ez dugu utziko larriki gaixorik diren euskal presoen bizitzagaz jolasten. Ez dugu eskatzen jada legedian eta nazioarteko arauetan jasota ez dagoen ezer. Legea betetzea eta gizatasun pixkat bat izatea da eskatzen duguna».
Beste alde batetik, manifestaziora joateko autobusetarako izen ematea zabalik dago Lea-Artibaiko hainbat herritan eta Mutrikun.