Iristear da
Bermistorian. Urriaren 22an eta 23an, hortaz, Bermeoko Alde Zaharra Erdi Arora bueltatuko da, eta horretarako, urtero legez, hainbat dira asteburu horretarako antolatutako ekimenak. Aurten hamahirugarrena aldia du Bermistorianek.

Susana Regidor eta Aingeru Astui Bermistorian aurkezten
Bermistorianen protagonista nagusia
antzinako azoka izaten da.
50 saltoki ingurutan askotariko produktuak dastatu, ikusi eta eskuratu ahalko dira: gaztak, eztiak, txokolateak, sendabelarrak, loreak, kremak, xaboiak, hestebeteak…batzuk aipatzekotan. Era berean, buztin eta zeramika lanak eta arropak ikusi eta eskuratu ahalko dituzte bertaratzen diren guztiek. Zapatuan,
urriaren 22an, 10:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 21:00etara bisitatu ahalko da antzinako azoka.
Domekan, berriz,
goizez bakarrik zabalduko dute; 10:00etatik 15:00etara.

Lodosako nekazariak piperrak erretzen, iaz
Arkuzko tiroaren taldeak ez du aurten hutsik egingo eta gura duenak hurbildu ahalko du jaurtiketak egitera. Gainera,
Izaro Abesbatzak bere abestiekin girotuko du Alde Zaharra, eta
kale animazioa ere ibiliko da azoka orduetan.
Zeramika eta lore tailerrak ere denen eskura izango dira, eta, iaz lehenengoz etorritako
Lodosako nekazariak aurten ere Bermeon egongo dira; zapatuan eta domekan egongo dira azokan. Lodosako piperrak erretzeko prozedura ikusteaz gain, piperrak dastatzeko aukera ere izango dute, bai eta horiek erosteko ere.
Umeek, berriz, urtero legez,
oholezko jokoekin jolasteko aukera izango dute azokaren ordutegian.
Berritasunak ere egongo dira. Alde Zaharra Bizirik elkarteak antolatuta,
zapatuan, 20:00etatik 23:00etara, hankaluzeen kalejirarekin gozatzeko aukera egongo da Alde Zaharreko kaleetatik.
21:15ean, berriz, ume eta gazteek
suzko zezenagaz ondo pasatzeko aukera edukiko dute Irakaskintza kalean. Kultura teknikari Susana Regidorrek aipatu duenez, “Euriagatik, Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan suzko zezena ezin izan zen atera, eta, beraz, Bermistorian aprobetxatuko dugu ateratzeko”.

Antzinako azokako saltokietako bat, iaz
Ez egitekotan
Aurrekontuetan egin behar izan duten egokitze planagatik, aurten,
ez zegoen Bermistorian egitea aurreikusita. Hala ere, “ahaleginak eginda” aurrera egitea lortu dutela esan du Kultura zinegotzi Aingeru Astuik; izan ere, Bermeoko Udalaren helburuetako bat Alde Zaharra indartzea eta biziberritzea dela gogorarazi du, beraz, Bermistorian “garrantzitsua” da. Bermistorian egin ahal izateko, antzinako azoka antolatzeaz arduratzen diren Naparbideak elkartekoen laguntza goraipatu gura izan dute.
Horregatik, Bermistorian antolatzen lagundu duten guztiak eskertu ditu Astuik. Era berean, bermeotarrei zein kanpotik datozenei Bermistorianeko ekintzetan parte hartzeko deia egin die, bai eta mozorroak janzteko deia egin ere, “norberaren giroa zein herrikoa alaitzen laguntzen duelako”.
Bestalde, antzinako azoka dela eta, urriaren 22an eta 23an,
Alde Zaharrean ibilgailuagaz ahalik eta gutxien ibiltzeko eskaera ere egin du Astuik.