Martxan dira lagun artean euskaraz egiteko batzen diren berbalagunak
Euskara ikasten ari direnentzako zein euskaraz dakitenentzako egitasmoa da. Hala, euskaraz dakitenak «ezinbestekoak» dira, taldeetan bidelagun izaten direlakoBerbalagun egitasmoaren ikasturte berriaren aurkezpena egiteko batu dira horretan parte hart...
Euskara ikasten ari direnentzako zein euskaraz dakitenentzako egitasmoa da. Hala, euskaraz dakitenak «ezinbestekoak» dira, taldeetan bidelagun izaten direlako
Berbalagun egitasmoaren ikasturte berriaren aurkezpena egiteko batu dira horretan parte hartzen duten eragile guztiak. Lagun artean euskara eginez, egunerokotasunean euskara erabiltzeko erraztasuna hartzen dute berbalagunek. Horregatik, aurtengo ikasturtearen leloa Praktikatu eta bizi dela azaldu dute.Euskararen erabilera bultzatu eta indartzeko ekimena da Berbalagun. Euskara zinegotzi Juan Karlos Agirreren arabera, «eskoletatik eta euskaltegietatik kanpo, lagunarteko giroan, euskara praktikatzeko aukera ematea da helburua». Astean behin batzen dira, «gustuko duten jardueraren bat edo beste egiteko».
Aurten, momentuz, bost talde martxan hasi direla esan du Berbalaguneko dinamizatzaile Marimar Hernandezek; hala ere, gehiago sortuko direlakoan dago.
Elkarlanean egiten den egitasmoa dela gogorarazi dute, hainbat eragileren parte hartzeagaz: Bermeoko Udalaren Euskara Saila, Gotzon Garitaonandia euskaltegia, AEK eta Hizkuntza Eskola.
Eta urtez urte aberastuz joan den egitasmoa dela esan dute, eta parte hartzaileen aldetik harrera «oso ona» daukala. Agirreren esanetan, «Berbalagunek ikasitakoa era natural batean adierazteko aukera ematen diela esaten dute parte hartzaileek».
Euskaraz egiteko gogoa
Berbalagunen parte hartzeko euskaraz berba egiteko gogoa baino ez dela behar adierazi dute, beste behin ere. Euskara ikasten ari direnei zein euskaraz dakitenei zuzendutako egitasmoa da, gainera. Modu horretan, euskara dakitenen beharra azpimarratu dute, «ikasten ari direnen bidelagun izaten direlako taldeetan». Aipatu egitasmoa martxan jartzeko, hortaz, bidelariak «ezinbestekoak» direla aipatu du euskara teknikari Maite Alvarezek.
Berbalagun, hala ere, berba taldeak osatzea baino gehiago dela gogorarazi dute. Izan ere, ikasturtean hainbat ekintza antolatzen dituzte, «arrakasta handikoak, gainera». Aurtengo ikasturtean ere, bestelako jardueren programa zabala eskainiko dutela esan dute: Berbaldiak, esku lanen tailerrak, irteerak, topaketak…
Gurasolagun
Bestalde, gurasoek eta seme-alabek elkarregaz euskaraz egiteko aukera izan dezaten, Gurasolagun ekimenak jarraipena edukiko du. 3 eta 8 urte bitartean dituzten seme-alaben gurasoei zuzendutako egitasmoa da. Gura- soen eta seme-alaben arteko euskarazko igorpena indartu eta gurasoen artean euskara praktikatzeko eta erabiltzeko ohiturak eta gaitasuna indartzea du helburu Gurasolagunek. Lehenengo ekimena azarorako antolatuko dute.
Berbalagun info! buletinagaz ere jarraituko dute, eta horren baitan, lehiaketagaz; udazkenekoa, negukoa eta udaberrikoa izango dira. Ikasturteko lehenengo buletina azaroan zabalduko da, eta azaroaren 7tik 25era bitartean parte hartu ahalko da lehiaketan.
Herritarrei gogorarazi gura izan die edozein momentutan eman ahal dutela izena herriko euskaltegietan, Hizkuntza Eskolan, udaleko euskara sailean edota dinamitzaileari deituta (607 609 580).