GED-k Parte hartukot jaialdia egingo du zapatuan, galdeketa girotzeko
Jaialdiak musika, antzerkia, dantza, olerkia eta beste hainbat kultur diziplina uztartuko ditu. Udaberria ailegatu bitartean egingo diren ekimenen arteko lehenengoa izango daOndarroako Gure Esku Dago herri ekimenak antolatuta, Parte hartukot jaialdia e...
Jaialdiak musika, antzerkia, dantza, olerkia eta beste hainbat kultur diziplina uztartuko ditu. Udaberria ailegatu bitartean egingo diren ekimenen arteko lehenengoa izango da
Ondarroako Gure Esku Dago herri ekimenak antolatuta, Parte hartukot jaialdia egingo da zapatuan, 21:00etan, Zubi Zaharraren parean.Jaialdiaren antolatzaileek nabarmendu dutenez, 2017ko udaberrian Lea-Artibai eskualdean egingo den herri galdeketa girotzeko gala izango da. «Parte hartukot jaialdia, hain zuzen ere, udaberria ailegatu bitartean aurreikusita ditugun ekimen desberdinetako lehenengoa izango da», adierazi du Josu Etxaburu Ondarroako Gure Esku Dago-ren ordezkariak.
Jaialdiagaz beragaz, gainera, herritarren parte hartze aktiboa bultzatu nahi dutela gogorarazi dute. «Jaian parte hartzeko modu asko daude. Alde batetik, artisten parte hartzea dago, eta bestetik, herritarrena».
100 lagunetik gora
Jaialdiak, gainera, Ondarroako Udalaren laguntza edukiko du. «Honelako ekimen bat Ondarroako Udalaren laguntza barik ezingo genuke egin. Udalari jaialdia mahai gainean ipini genionean, baiezkoa berehala eman zigun. Honen aldeko apustua egin du, eta gure izenean udalari emandako laguntza eskertu nahiko genioke».
Jaialdiari dagokionez, bestalde, musika, antzerkia, dantza, olerkia eta beste hainbat kultur diziplina uztartuko dituen ekimen oso dinamikoa izango dela aurreratu dute. Herriko hainbat taldetako 100 lagunetik gora batuko dira agertoki gainean. Fede Badiola jaialdiaren zuzendariak adierazi duenez, jaialdia bera oso berezia izango da. «Argi eta soinuagaz lagunduta egingo da, eta tartean, hainbat ezusteko egongo dira».
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, gainera, bertan parte hartuko duten guztiak herritarrak izango dira. «Gauza bat nahi genuen egin, baina egin nahi genuen hori herritarrekin egin behar genuela argi genuen», gaineratu du Etxaburuk.
Antolatzaileek, gainera, ez ohiko antzokia aukeratu dute jaialdirako. Zubi Zaharra eta bere ingurua aterperik gabeko antzoki bihurtuko dira zapatuan. Eremua paregabea dela kontuan hartuta, eta Zubi Zaharrak berak herrian duen garrantzia kontuan hartuta aukeratu dute lekua bera ere. «Ez dugu behar atrezzo edo apaingarririk, argiekin eta iluntasunagaz jokatuta tokia bera ikuskizun bihurtuko da», gaineratu du Badiolak.
Zubi Zaharraren azpian agertoki erraldoi bat ipiniko da, eta Kirrixki taberna paretik atzera, 400 bat aulki ipiniko dira, Zubi Zaharrari begira. Nahi duenak, gainera, petrilean ere esertzeko aukera edukiko du. Agertokiaz gain, Kofradia Zaharreko hegalean pantaila erraldoi bat ere ipiniko da, eta bertan Josu Eizagirrek prestatu dituen irudi batzuk ere proiektatuko dira. Tartean, herriko hainbat eragilegaz, taldegaz eta norbanakogaz batera grabatutako bideoa ere estreinatuko da.
Gau hotza
Antolatzaileek aurreratu dutenez, ordu eta laurden inguruko jaialdia izango da, eta herritarrei arropa beroagaz etortzeko deialdi berezia egin diete. «Gauden sasoian gaudela kontuan hartuta, zapatu gauean hotza egin dezakeela uste dugu. Beraz, arropa beroa, berokia edo manta ekartzea gomendatzen dugu».
Azkenik, eguraldi eskasa balego jaialdia beste egun batera atzeratuko luketeela nabarmendu dute. «Eguraldi txarrik ez dago iragarrita, baina eguraldia okertu balitz, eta eguraldi txarra baldin balego, bertan behera lagako genuke ekimena. Ekimena bertan behera geratuko balitz, azaroaren amaiera aurretik egingo litzateke jaialdia».
2017ko udaberrian galdeketa egin aurretik, ostera, hurrengo pausoa 900 ondarrutarrek herri galdeketa bat egin nahi dutela ziurtatzen duen dokumentu bat sinatzea izango dela aurreratu dute GED-ren kideek. «Sinadura bilketa bat etorriko da, eta horretarako, 900 sinadura batu beharko ditugu. Hori egin eta gero, eta modu paralelo batean, beste gauza asko antolatu beharko dira, dena herri galdeketa esanguratsu batera ailegatu ahal izateko; eskualde mailan galdera zein izango den adostu beharko dugu guztion artean».