Euskal Ezkontzaren historia, argazki eta jantzien bidez
Gora Buru Kultur Elkarteak antolatzen duen Lekeitioko Euskal Ezkontza jarraian egiten den 40 urtea da aurtengoa. Hori dela eta, aurten egitarau berezia prestatu du elkarteak.Uztailaren 22an jantzi zuten gurdia Eskolapean, eta uztailaren 23an atera zire...
Uztailaren 22an jantzi zuten gurdia Eskolapean, eta uztailaren 23an atera ziren Lekeitioko kaleetara ezkontideak eta haien senide eta lagunak, antzinako erako ezkontza plazaratzeko.
Ekimenak, baina, uztailaren 15ean hasi ziren Xabier Erkizia soinu artistaren Idi-Burdiaren Oihartzuna hitzaldiagaz. Orain, berriz, erakusketa antolatu du Gora Buru Kultur Elkarteak. Horrela, zapatura arte, Lekeitioko Euskal Ezkontzaren historian sakondu ahalko da, 40 urte horietako Euskal Ezkontzako argazki eta eta jantzien bidez.
Barandiaran aretoan ikusgai jarri duten erakusketa zabalik dago astelehenetik barikura, 19:00etatik 20:30era, eta asteburuetan, 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 20:30era.
Etxe sartzea
40. urtez jarraian «etxe sartzea» deritzona irudikatu du Gora Buru Kultur Elkarteak, Lekeition. Ezkontzera zihoazen neska-mutilak notarioaren aurrera joaten dira euren gurasoekin «kontratua» egitera. Neskaren gurasoek batetik, eta mutilarenak bestetik, bakoitzak bere aldetik zer ematen zuen adierazi eta sinatzen dute. Ondoren, neskaren lagunak haren etxe berrira joaten dira, bakoitza bere opariekin, euren aurretik «arrioa» ohe, maindire, sukalderako tresneria, arropak, arrosarioak, ur bedeinkatu ontziak, gorua… daramatzan gurdia dutela.
Aspaldiko ohitura hori gorde eta suspertzeko asmoz hasi zen egiten Lekeitioko Euskal Ezkontza. Gerora, Lekeitioko Batzokiak hartu zuen bere gain Euskal Ezkontza horren urteroko antolaketa. 1931an atera zuten lehenengoz, irailaren 4an, eta halaxe egin zuten urtero, gerra iritsi zen arte.
Gerra eta diktadura urteetan geldialdia egin ostean, 1964an berreskuratu zen, Lekeitioko herriak Resurreccion Maria Azkueri egin zion omenaldia zela eta. Ez zen gehiagotan egin 1977. urtera arte. Urte hartan Gora Buru Elkarteak heldu zion. Ordutik hona, urtero etengabe egin da uda sasoian.
Euskal ezkontzan 100-140 lagun inguruk hartzen dute parte, eta parte hartzaileek janzten dituzten arropak eta tresneria XIX. mendekoak edo aurreragokoak dira. Museo eta argazkietatik egindako kopia batzuk badaude ere, gehienak originalak, jatorrizkoak dira.