1.300 euro batu dituzte Mutrikun, Angelman Sindromea ikertzeko
150 herritar inguruk parte hartu dute Angelman Sindromearen Elkartearen alde egindako ekimen solidarioan. Elkartearen ordezkariak herritarrei eskerrak eman dizkieZumba jaialdi solidarioa egin zuten domekan Mutrikun, Angelman Sindromearen Elkartearen al...
150 herritar inguruk parte hartu dute Angelman Sindromearen Elkartearen alde egindako ekimen solidarioan. Elkartearen ordezkariak herritarrei eskerrak eman dizkie
Zumba jaialdi solidarioa egin zuten domekan Mutrikun, Angelman Sindromearen Elkartearen alde. Eta horretan 1.300 euro inguru batu ziren. Batutako diru guztia, hain zuzen ere, Angelman Sindromea ikertzera bideratuko dela nabarmendu dute ekimenaren antolatzaileek.150 parte hartzaile inguru batu ziren ekimen solidarioan, eta horiez gain, ikusle modura harmailetan egon ziren beste 50 bat lagunek ere bat egin zuten ekimenarekin.
Joseba Antxustegi Angelman Sindromearen Elkarteko Mutrikuko ordezkaria «oso pozik» agertu da ekitaldiak izan duen arrakastarekin. Nabarmendu duenez, pozik daude ekitaldiak beste urte batez jende asko batu duelako, eta elkartearen izenean bertan parte hartu duten herritar horien guztien laguntza eskertu nahi izan du.
Unai Centeno zumba irakasle mutrikuarrak ere ekintzaren balorazio ona egin du, baina herritarrei horrelako kasuetan gehiago inplikatzeko eskatu nahi izan die. «Jai egunak direla eta, batzuk kanpora ere joan dira, eta hori kontuan hartuta, nik uste ekintza nahikoa ondo atera dela. Baina herritarrei eskatuko nieke horrelako gaietan gehiago inplikatzeko; herritarren inplikazioa beharrezkoa da horrelako ekintzak arrakastatsuak izateko».
Centenok azaldu duenez, mutrikuarrez gain, Ondarroako eta Debako herritarrek ere parte hartu zuten domekako ekimen solidarioan.
Umeak eta nagusiak
Ekitaldiari dagokionez, umeen zumba saioa egin zuten lehendabizi. 20 bat minutuko saioan, zumba-ren mundua ezagutzeko aukera izan zuten 30 bat umek.
Jarraian, nagusien txanda izan zen, baina aurretik, Eneko Elezgarai Mutrikuko Gure Ametsa dantza taldeko kideak aurreskua egin zien ekimen solidariora etorri ziren irakasleei.
Nagusiek, aldiz, bi ordu inguruko saioa egin zuten gelditu ere egin gabe, agertokiaren gainean irakasleak txandakatzen joan ziren bitartean. 13:30ean amaitu zen ekitaldia, eta bukaeran parte hartzaile, irakasle eta ikusleen parte hartzea eskertu nahi izan zuten Angelman Sindromearen Elkarteko kideek.
Amaitzeko, bertan parte hartu zuten irakasleek Mutrikuko produktuez osatutako otzara bat jaso zuten opari. «Guztira hamabost irakasle aritu ginen», argitu du Centenok.
Iazko urriaren 25ean egin zuten estreinako zumba jaialdi solidarioa. Eta ekintza hark 170 herritar inguru bildu zituen. «Iazkoagaz alderatuta, aurten ere parte hartzea antzekoa izan da», gaineratu du Centenok.
Aurtengoa eginda, datorren urtean ere ekimen solidarioa egiten jarraitzeko asmoa daukatela aurreratu du gazte mutrikuarrak. «Datorren urtean egiteko itxaropena badaukagu, baina esandakoa, herritar gehiago inplikatu behar dira».