San Inazio 48-52 atarietako 24 familia etxera bueltatu dira
Gabonetan bueltatzea espero bazuten ere, uste baino arinago bueltatu dira. Dirurik ailegatzen ez den bitartean lanak ezingo direla amaitu uste du gestorakZazpi hilabete euren etxebizitzetatik kanpora egon ostean, San Inazio kaleko 48, 50 eta 52 atariet...
Gabonetan bueltatzea espero bazuten ere, uste baino arinago bueltatu dira. Dirurik ailegatzen ez den bitartean lanak ezingo direla amaitu uste du gestorak
Zazpi hilabete euren etxebizitzetatik kanpora egon ostean, San Inazio kaleko 48, 50 eta 52 atarietako bizilagunak etxera itzuli ziren bariku goizean.10:00etan puntuan, Zunbeltz Bedialauneta alkateak barikura arte itxita egon zen hesia ireki, eta banan-banan atarietako, lokaletako eta garajeetako zigiluak kendu zituen. Atzetik, euren etxebizitzetarako bidea hartu zuten hainbat auzotarrek.
Gutxi gorabehera bertan bizi diren erdiak bueltatu ziren bariku goizean. Etxeetara pozik bueltatu baziren ere, sentipen gazi-gozoa zeukatela nabarmendu zuten. «Berria pozik hartu badugu ere, ez gaitu guztiz bete. Beste 84 familiak ere lehenbailehen euren etxebizitzetara bueltatzea nahi dut. Benetako poztasuna orduan sentituko dut», azaldu zuen San Inazio 50 atariko bizilagun batek.
Atontze egunak
San Inazio 48an bizi den beste bizilagun batek ere, kezka antzekoa agertu zuen. «Ez da egoera polita norbera etxera sartu eta beste batzuk oraindik sartu ezin direla jakitea. Gure etxeak ondo daude, baina beste etxeek kalte asko jasan dituzte, eta horrek asko luzatuko ditu gauzak».
Auzotarrek, euren aldetik, hurrengo egunak etxebizitzak garbitu eta atontzeko aprobetxatuko dituztela adierazi zuten «Gure asmoa etxea garbitu eta hona bueltatzea da, lehenbailehen. Etxetik kanpora egon garen bitartean, Alokabidek lortu zigun etxebizitza baten egon gara bizitzen, Markina-Xemeinen. Egunotan han ditugun gauza guztiak ekarri, eta ea astelehenean edo martitzenean bueltan gauden», adierazi zuen San Inazio 52ko bizilagun batek.
Era berean, uste baino arinago bueltatu direla adierazi zuten auzotarrek. Berriak, egia esan, ezustean harrapatu ditu asko. Hasiera batean Gabonetan bueltatzea espero bazuten ere, hilabete eta erdi arinago itzuli dira. «Azken zazpi hilabeteotan hiru aldiz tokiz aldatzea tokatu zaigu, eta toki berrira ohitzen ari ginenean, egun batetik bestera etxera bueltatzeko baimena eman digute, ezustean», agertu zuen San Inazio 48ko bizilagun batek.
Beste 84 familia, zain
Herritarrak euren etxebizitzetara sartu zirela ikustean pozik agertu zen Zunbeltz Bedialauneta. «Mendiari zati handi bat kendu diogu, eta Iturribarriko aldean segurtasuna bermatzen dela ikusita, San Inazio 48, 50 eta 52 atarikoak etxera bueltatu daitezkeela erabaki dugu».
Udal gobernuarentzat berria pozgarria bada ere, beste 84 familia beraien etxebizitzetara ezin direla bueltatu gogorarazi zuen. «Ea lanek orain arteko martxan jarraitzen dute. Gure kezka konponketek zelan egingo duten aurrera ikustea da. Mendiko lanak amaitu eta jarraian etxeen konponketekin hasi beharko garela aurreikusten dugu; ea lan horiek ere ahalik -eta azkarren lotzen diren».
Zapatu goizean Kamiñalden egindako elkarretaratzean ere kezkatuta agertu ziren auzotarrak. Goizane Zabala Saiñazio Mendi Azpixan gestoraren bozeramaileak esan zuenez, «oso-oso pozik» daude bizilagun batzuek etxebizitzetara bueltatu ahal izan dutelako, eta aurrera begira, oraindik etxeetatik kanpo daudenek noiz bueltatu ahalko duten jakitea eskatu zuen. «Mendiaren lanen epeak laster batean jakingo ditugu, baina gure etxebizitzetara noiz sartu ahalko garen jakin nahi dugu, etxeak konponduta, denok». Esan zuen ikusten dutela dirurik ez dela ailegatzen, eta hori horrela den bitartean, badakitela lanak ezin izango direla amaitu. Guztia luzatu ahal izateaz kexu dira.