Muxikako argazki lehiaketan parte hartzeko epea zabalik da
Geure ingurue geure bazterrak gai hartuta antolatu dute aurten Muxikako auzoak erretratatzea helburu duen argazki lehiaketa. Lanak aurkezteko epea urriaren 4an zabaldu zuten, eta parte hartu gura duenak azaroaren 4a arte izango du horretarako aukera.Mu...
Muxikako Udalak zehaztu duenez, argazkiak USB batean eraman behar dira Zubieta Errota liburutegira, edo liburutegia.muxika@bizkaia.org helbide elektronikora ere bidali daitezke. Egilearen izen-abizenak eta harremanetarako datuak zehaztu behar dira lanak aurkezterakoan, eta, argazkiaren azpian noiz eta non ateratakoa den.
Parte hartzaileak bi taldetan banatuko dituzte: 16 urtera artekoak eta 16 urtetik gorakoak. 16 urtez azpikoek Gaztetxoen lehiaketan parte hartuko dute.
Parte hartzaile bakoitzak sei argazki aurkeztu beharko ditu. Edozein teknika eta kolore onartuko dituzte. Argazkiak, baina, .jpg formatuan aurkeztu behar direla zehaztu dute antolatzaileek, eta kalitate onekoak izatea eskatu dute.
Sariak eta erakusketa
2017ko egutegia egiteko ibiliko ditu Muxikako Udalak lehiaketara aurkezten dituzten lanak. Eta lehiaketara aurkezten diren argazkiekin erakusketa ipiniko dute Zubieta Errotan.
Sari banaketa azaroaren 18an egingo dute, 19:00etan. Nagusien kategorian argazkirik onenak, bildumarik onenak eta muxikarraren argazkirik onenak bi lagunentzako otordua irabaziko dute. Gaztetxoen kategorian, argazkirik onenak 60 euroko bonua eskuratuko du.