Muñozek eta Madariagak irabazi dute Gernika-Lumoko 23. Rallya
Pozik eta egindako lanagaz gustura, irabazleek esan dute autoagaz eroso sentitu direla. Basaras eta Etxebarria bigarren sailkatuei ia 40 segundoko aldea atera dieEtxean gelditu da aurten Gernika-Lumoko 23. Rallyaren sari nagusia. BPS Rally Kirol Klubek...
Pozik eta egindako lanagaz gustura, irabazleek esan dute autoagaz eroso sentitu direla. Basaras eta Etxebarria bigarren sailkatuei ia 40 segundoko aldea atera die
Etxean gelditu da aurten Gernika-Lumoko 23. Rallyaren sari nagusia. BPS Rally Kirol Klubeko Ivan Muñozen eta Hodei Madariagaren Citroen C2 R2 Max berria izan zen azkarrena zapatuan, bigarren sailkatutako bikoteari ia 40 segundoko tartea aterata.
Hain zuzen ere, Muñozek 2014an ere irabazi zuen Gernika-Lumoko rallya kopilotu zela Ander Learreta pilotuagaz, eta pilotu gisa korritzen duen bigarren rallya izan da honakoa.
Proba amaitu ostean, pozik zeuden Gernika-Lumoko Rallyaren parte hartzaileak eta antolatzaileak ere: «Arazo batzuk egon dira goizean, Errigotiko tartean istripu batzuk egon direlako, baina, bestela, oso ondo atera da dena; oso gustura gelditu gara emaitzagaz», adierazi zuen Hibai Bilbao antolakuntzako kideak.
Proba 53 minutu eta 33 segundotan osatu zuten irabazleek. Emaitzagaz gustura zeuden: «Oso pozik gaude, erritmo onean ibili gara bi egunetan. Atzo barikua aldea atera genuen, eta gaurzapatua autoagaz oso eroso sentitu naiz. Azeleragailuagaz arazo bat eduki arren, eskerrak asistentzia ona izan dudan eta konpondu duten», azaldu zuen pilotuak.
Zapatu eguerdian lasterketak eskuetatik ihes egingo ziola uste izan bazuen ere, azkenean uste baino askoz hobeto ibili zirela adierazi zuen Muñozek. «Etxean korritzeko gogoz nengoen, eta autoagaz ez naiz sekula horrela sentitu».
Barikutik faborito
Muñoz eta Madariaga barikutik zeuden faboritoen artean, tarte gehienetan denborarik onena lortu baitzuten.
Txus Jaiogaz lehia estua eduki zuten hasieratik, baina, markina-xemeindarrak lasterketa utzi egin behar izan zuen zapatu arratsaldean, arazo teknikoen ondorioz.
Gernikarren atzetik, Ugaitz Basaras eta eta Larraitz Etxebarria Iparralde Racing taldeko kideak sailkatu ziren bigarren, Renault Clio Sport autoagaz. Durangalde Racingeko Oscar Mar- tinez eta Juan Ramon Garcia Mitsubishi sailkatu ziren hirugarren, Lancer EVO 8agaz.
Erregulartasun kategoria
Kategoria guztiak kontuan hartuta, 82 auto zeuden rallyan izena emanda.
Hala ere, zenbait arrazoi mekanikorengatik eta istripuengatik denek ezin izan zuten rallya amaitu. Abiadura lasterketan, esaterako, 66 autok ekin zioten lehiari, baina 32 autok lasterketa utzi behar izan zuten.
Bestalde, Sport Erregulartasun modalitatean 11 bikote lehiatu ziren. Mercedes Benz 190E 2.3-16V autoagaz Juan Carlos Renteria eta Roberto Renteriak irabazi zuten Sport erregulartasunaren saria, erdi-goi kategorian. Erdi-baxuko mailan, berriz, Susana San Martin eta Javier Corchon izan ziren nagusi, BMW 325 IX autoagaz.
Lumora igoera
Bariku goizean egiaztatze administratiboak eta teknikoak egin ostean, Pasealekuko parke itxian egon ziren ikusgai autoak lehia hasi aurretik, eskualdeko zaleen gozamenerako.
Hain zuen ere, arratsaldean ekin zioten Gernika-Lumoko 23. probari, 18:30ean, Lumora bi igoera eginez.
Zapatuan goizean goiz hasi ziren motorrak orro egiten. 09:25ean irten ziren Munitibartik, Urrutxua, Zugastieta, Olabarria eta Gernika-Lumon tartea egiteko.
Arratsaldean, berriz, Ajangiz, Ibartxu, Arratzu, Belendiz eta Nabarniz tartea egin zuten, eta Gernika-Lumon bukatu zuten lehia.