Lapatzan eta Ogellan ehunka kilo zabor batu dituzte eatarrek
Sokaire itsas taldearen, Azti Teknaliaren eta Eako udalaren ekimenez zapatuan auzolaren aritu ziren kostaldea garbitzen. Eako Lapatza eta Bedaronako Ogella arteko bi kilometro inguruan, 150-200 kilo zabor batu zituzten.
Hondakin gehiena arkaitzetatik atera zutela zehaztu dute: “Hala ere, sare eta soka batzuk jasotzea ezinezkoa izan zen, arkaitzen artean trabatuta zeudelako”.
Batutako materialaren %90 plastikoa dela azaldu dute: sareak, sokak, arrain kutxak, buiak, palet handi bi, ur zein garbiketarako produktuen 40 botilatik gora…
Horrekin batera, lona handi bat, bidoi bat edota burdinezko hagaxkak ere jaso zituzten. Batzuk arkaitzetan zaborra batzen zeuden bitartean, beste batzuk uretan zeuden hondakinak jasotzen aritu ziren kayaketan. Esaterako, hamabost ur botila hartu zituzten uretatik.