Herriko bi gizonek Ameriketara egindako bidaia irudikatu zuten domekan. Hegazkinean egindako bidaia, ardiak zaintzen mendian zuten bizimodua, Boiseko jaialdiko giroa, eta Euskal Herrirako buelta antzeztu zituzten, dantzek eta herriko koruaren abestiek lagunduta.
Aurretik, ohiturari eutsiz, meza ostean, umeen danborradagaz hasi zuten eguna. Danbor hotsen ondoren, kalejiran joan ziren elizatik frontoiraino.
Elizatik frontoiraino joan ziren kalejiran.
Argazkia: Iñaki Barruetabeña
Frontoira helduta, herritarrak amaiketakoan batu ziren. Gero, Aritz Oregi eta Beñat Lekue aizkolari larrabetzuarren erakustaldiagaz hasi zuten eguerdiko ekitaldi nagusia.
Herriko koruaren doinuek eta bertoko, Erandioko eta Bilboko dantzarien emanaldiekin osatu zuten Boiseko jaialdiaren irudikatzea. Dantzekin batera, dantzariek sokatira erakustaldia burutu zuten, bertaratutakoen barre algara artean.
Ekitaldia amaituta, Saltsamendi elkartearen aurrean bazkaldu zuten 175 pertsona inguruk. Onintza Enbeita, Miren Amuriza, Uxue Alberdi eta Oihana Bartra bertsolariek izan zuten bazkalostea girotzeko ardura. Haien bertso saio musikatua asko gustatu zitzaien bertaratutakoei.
Eguna borobiltzeko,
EinGO Kantan eta Dantzan erromeriagaz dantzatu zuten ume, gazte zein nagusiek, frontoian. Halaber, betiko moduan, txokolatea hartuz amaitu zuten eguna.
Balorazio positiboa
Baso Txoritxu Dantza Taldeko kideek egun guztian zehar izandako giro ederra nabarmendu dute: “Dena ondo atera zen, eguraldiak ere lagundu digu, eta jendea oso gustura egon zen. Askok esan digute urtetik urtera hobeto egiten dugula, eta Boiseko jaialdiagaz asmatu dugula”.
ARGAZKIAK: BASO TXORITXU DANTZA TALDEA