Ziortza-Bolibar, Jon Bilbaoren begietatik
Urriaren 23ra arte ikusgai dago 'Bolibar maitea' erakusketa Ziortza-Bolibarko Simon Bolivar Museoan. Jon Bilbao euskaltzaleak 1935ean herrian egon zeneko hainbat argazki eta testu biltzen ditu erakusketak. Bilbao Ziortza-Bolibarrera itzultzeko gogoz ge...
Urriaren 23ra arte ikusgai dago ‘Bolibar maitea’ erakusketa Ziortza-Bolibarko Simon Bolivar Museoan. Jon Bilbao euskaltzaleak 1935ean herrian egon zeneko hainbat argazki eta testu biltzen ditu erakusketak. Bilbao Ziortza-Bolibarrera itzultzeko gogoz geratu zen.
Ziortzako Monasterioa, Iruzubietako erromeria, Santa Eufemi, Markina-Xemein eta Lea-Artibaiko beste hainbat paraje protagonista dira Ziortza-Bolibarko Simon Bolivar Museoan hilaren 23ra arte ikusgai dagoen erakusketan. Jon Bilbao euskaltzalearen materiala bilduta, Bolibar maitea erakusketak benetako altxorrak bistaratu ditu.Euskaltzalea izateaz gain, irakaslea, liburuzalea eta eusko bibliografiaren sortzailea ere izan zen Bilbao, eta 1935eko uztailean ailegatu zen Ziortza-Bolibarrera. «Euskara ikastera etorri zen, eta Bolibarko abadetxean hartu zuen ostatu». Eta han egon zen 1936an soldaduska egitea tokatu zitzaion arte.
Tarte horretan, Bilbaok Lea-Artibaiko paraje asko eta asko erretratatu zituen. Horrez gain, bere emaztegaiari bidaltzen zizkion gutunetan ere hainbat deskribapen jaso zituen; horietako batzuk ere erakusketan daude jasota. «Gutun horiei esker jakin dugu 1935. urtean, esaterako, Ziortza-Bolibarko etxeetan argindarra bazegoela, baina ez ura», dio Ana Arriaga Simon Bolivar Museoaren arduradunak.
Erakusketaren izenburua ere emaztegaiari bidalitako gutunetatik datorrela argitu du Arriagak. «Emitxu maitea idazten hasten zituen gutunak. Eta hortik, guk, bere materialetan oinarritutako erakusketari Bolibar maitea izena ipini diogu».
Bilbaoren pausoen atzetik
Ziortza-Bolibarren egin zuen egonaldia «garrantzitsua» izan zen euskalzalearentzat. «Berriro herrira itzuli, eta Ziortzako artxiboan lan egiteko gogoz geratu zen. Baina 36ko gerrak eztanda egin zuen, eta Otxandioko frontean egon zen. Zauritu egin zen, eta gerra amaitzean, kapitain kargua lortu zuen. 1937an Zierbenatik erbestera joan zen».
Ameriketako Estatu Batuetan barrena ibili zen, eta 1942an New Yorkeko Unibertsitatean irakasten hasi zen; Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzagaz ere kolaboratu zuen.
1947tik 1950era Saran (Lapurdi) finkatu zen eta Eusko-Jakintza aldizkariaren idazkari izan zen. Handik Kubara joan zen, eta hiru urte beranduago Bilbora itzuli zen. Baina hara eta hona ibili zen urte askoan.
Euskal Bibliografiaren irakasle emeritu titulua lortu zuen, eta 1994ko maiatzaren 23an Gorlizen hil zen.