Jaien izaera herrikoia zaindu behar dela azpimarratu du EH Bilduk
San Antolin jaien inguruko hausnarketa egin ondoren, aurtengo jaietako alde onak eta txarrak plazaratu ditu Lekeitioko EH Bilduk. Lekeition, oraindik ere, jai eredu herrikoia dela nagusi nabarmendu dute bereziki, eta Jai Batzordearen lana, Antzar Komis...
Jaietan murrizketak nabaritu dituztela ere adierazi dute Lekeitioko EH Bildukoek. «Teknikoki gutxi zaindutako ekimenak, herritarren segurtasuna ere kilin-kolo batzuetan, udal teknikari eta langileak gainezka, aurrekontua merketzearren hizkuntza, parte hartze edo genero irizpideak albo batera utzita eta abar».
Jaien izaera herrikoia, gainera, horren garrantzitsua izanda, politikoek bereziki zaindu behar dutela uste dute. Irailak 1eko bajadako mozorroen sari banaketa, adibidez, beste era batera egin daitekeela diote, mikrofonoan jaien antolakuntzan parte hartzen duten herritarrak jarriz eta zinegotzien presentzia murriztuz. «Bigarren urtez, herriarekin zerikusi gutxi duen profesional bat ikusi dugu, herritarra den momentu bat dinamizatzen. Zoritxarrez, badakigu zer gertatzen den behin herritarrenak diren guneak galtzen hasita: berreskuratzea oso gaitza dela, eta galera izugarria bihurtzen direla. Momentu herrikoien pribatizazio bat ia-ia».
Zentsura
San Antolin eguneko kontzertuek ere arreta berezia eragin diete. «Kultura espainolaren erakusle den errepertoriodun talde bat, erabat elebakarra, genero ikuspegitik, gaitzesgarria» bezala deskribatu dute. Hori dela eta, plaza jendez gainezka egon arren, administrazio publikoak ekintzak programatzen dituenean irizpide argiak jarraitu behar dituela diote. «Are gehiago euskal musika edo kultur industrien egoera tamalgarria kontuan izanda. Garapen ikuspegi bat zaintzearren bada ere, edo eredu bat proposatzearren bada ere».
Lekeitioko EH Bilduk ardura erakutsi du bai eta ere, jaietan nabaritu dituen adierazpen askatasunaren kontrako jarrera batzuetan. Antzar eguneko esatariaren lana mugatu nahia igarri zutela zehaztu dute, adibidez. «Jai eremuetan eduki politikodun mezuak botatzeagaz ados ez daudela eta, EAJren udal ordezkariak esatariaren hitzak zentsuratzen saiatu ziren, esataria behin baino gehiagotan moztuz».
Politikariek egiten duten Jai Batzordearen kudeaketa ere aztertzeko modukoa dela aitatu dute. «Hainbeste urtetan eragile sutsu izan diren talde eta norbanako batzuk batzordea utzi dute udalaren partetik ez direlako baloratuak eta babestuak sentitu, eta hori onartezina da. Aktiboak diren herritar horiek galtzea arduragabekeria politikoa da. Zentzu horretan, espero dugu atzera bueltadun galerak izatea hauek. Herriko talde feministarekin gertatutakoa gogorarazi digu tamalez», azpimarratu dute.