700 bat partaide espero dituzte Gernika-Bilbao Running proban
Korrikalariek domekan 10:00etan hasiko dute lasterketa ez-lehiakorra, Gernika-Lumon. Gaur eta bihar izena emateko aukera dago, Bilboko Azkuna ZentroanDomekan burutuko dute Gernika-Bilbo Running nazioarteko lasterketa ez-lehiakorra.Lehenengoz egingo da ...
Korrikalariek domekan 10:00etan hasiko dute lasterketa ez-lehiakorra, Gernika-Lumon. Gaur eta bihar izena emateko aukera dago, Bilboko Azkuna Zentroan
Domekan burutuko dute Gernika-Bilbo Running nazioarteko lasterketa ez-lehiakorra.Lehenengoz egingo da proba, eta Gernika-Lumo eta Bilbo artean 34 kilometroko ibilbidea prestatu dute.
Atzo gauerdian itxi zuten Internet bidezko izen ematea, etamomentuz 650 korrikalari inguru daude izena emanda.
Hala ere, gaur eta bihar Bilboko Azkuna Zentroan izena eman ahalko da. Beraz, antolatzaileek 700 partaide inguru espero dituztela jakitera eman dute.
Momentuz, 160 korrikalarik hasiko dute lasterketa ez-lehiakorra, Gernika-Lumon. Proba Zornotzan hasteko, berriz, 150 pertsonak eman dute izena, eta jende gehien Galdakaon batuko dela zehaztu dute. Handik, 200 bat parte hartzailek burutuko dute Bilbora arteko ibilbidea. Bestalde, Basauriko irteerarako 140 korrikalari daude izena emanda.
Gernika-Lumon 10:00etan hasiko da proba.
Maratoi erdiko distantzia baino apur bat gehiago izango du Zornotza eta Bilbo arteko lasterketak: 22,7 kilometro. 10:55ean irtengo dira Zornotzatik.
Lasterketa laburragoa egin gura dutenek bi aukera dituzte. Galdakaotik irtenda, 11 kilometro egin ditzakete, edo Basauritik irtenda 8,9 kilometro.
Galdakaon 11:37an jarri dute irteera ordua, eta Basaurin, berriz, 11:47an.
Txip bana dortsaletan
Lau ibilbide daudenez, partaideek dortsal desberdinak izango dituzte. Gernika-Lumo eta Bilbo artekoa egiten dutenek, adibidez, urre koloreko dortsala izango dute; Zornotza-Bilbo korritzen dutenek zilarrezko dortsala jantziko dute. Galdakaotik irteten direnek brontze kolorekoa edukiko dute, eta Basauri-Bilbo egiten duten korrikalariak dortsal zuriagaz ariko dira.
Partaideek dortsaletan txip bana eramango dute, eta ibilbidean zehar horientzat zenbait anoa postu ipiniko dituzte.
Helmuga Bilboko Kale Nagusian, Bizkaiko Foru Aldundiaren eraikinaren parean egongo da. Besteak beste, Martin Fiz lasterketaren aitabitxia egongo da bertan.