Euskal preso eta iheslarien eskubideen alde lan egiten duen Sarek erronka berriekin hasi du ikasturtea. Martitzen iluntzean eman zituen Gernika-Lumoko Sarek datozen hilabeteetan landuko dituen proiektuen berri. Helburua Gernika-Lumo eta Busturialdeko herriak dispertsioa amaitzearen alde posizionatzea dela azaldu zuen sare herritarrak, eta bide horretan pauso berriak ematea, aktibazio soziala bultzatuz eremuka. Ispilue proiektua aurkeztu zutenean argi utzi zuten sakabanaketa politikari aurre egiteko tresnak beharrezkoak zirela, eta tresna horiek sortzeko lanean hasi ziren. Tresna horietako bat da ekainean aurkeztu zuten Erradiografiak liburuxka; eta tresna horri helduz bilatu nahi dute herritarren aktibazioa.
Era berean,
ikus-entzunezko proiektua ere badute esku artean. Zehaztu zutenez, Gernikako errealitatea ezagutarazteko tresna izango da ikus-entzunezko lan hori ere. Berau ekoizteko ikus-entzunezkoen munduan lan egiten duten profesional eta amateurrak lotu dituzte, eta soinu banda Audiencek egingo du.
Bloga ere sortu gura dute, Sareren egitasmoen ispilu izango dena. Horren bitartez ere heritarren inplikazioa bilatu nahi dute, bloga elikatzeko ekarpenak bilatuz: bertsoak, iritzi artikulak, komikiak…
Ikasturte berrirako lehen data esanguratsua dagoeneko zehaztu dute: urriaren 14a. Zehaztasunak datozen egunetan emango dituztela azaldu du Gernika-Lumoko Sarek.