'Zumba' jaialdi solidarioa egingo dute domekan, Mutrikun
Unai Centeno zumba irakasle mutrikuarraren eskutik eta Mutrikuko Udalaren laguntzarekin, Zumba Masterclass deritzon zumba ekitaldi erraldoia egingo dute domekan, Mutrikuko kiroldegian. Ekimena solidarioa izango da, eta bertan batzen den dirua Angelman ...
Ekimen solidarioa iaz egin zuten estreinako, eta izan zuen arrakasta kontuan izanda, esperientzia errepikatzea erabaki dute.
Antolatzaileek iragarri dutenez, umeentzako zein helduentzako zuzendutako saioak egingo dira, zumba munduko profesional onenen eskutik. Horien artean egongo dira Unai eta Iraitz Centeno mutrikuarrak eta Itziar Ormaetxea markina-xemeindarra.
Ume eta helduentzat
Ekimena 11:00etan hasiko da, eta, lehenik eta behin, Zumba kids ekimena egingo da. Vanesa Ocampos, Isabel Jaso, Itziar Valls eta Unai Centenorekin batera, 20 minutu inguruko saioa egiteko aukera izango dute umeek. 11:30ean, aldiz, nagusien txanda izango da. Bi ordu inguruko tartean zumba eskola magistrala probatzeko aukera egongo da, hainbat irakasle oholtza gainean txandakatzen diren bitartean.
Ekimen solidarioan parte hartu nahi dutenek sarrerak aurretiaz erosteko aukera izango dute, kiroldegian eta turismo bulegoan. Helduen sarrerak 10 euroan eta haurrenak 5 euroren truke eros daitezke. Sarrerak domekan bertan erosteko aukera ere egongo da kiroldegiko leihatilan. Kasu horretan, sarrerak 3 euro gehiago balioko dituela aurreratu dute.
Zumba egiten parte hartu ordez, ikusle modura ere parte hartzeko aukera izango dute herritarrek. Txartelak 2 euro balio ditu. Eta sarrerak erostera Mutrikura etortzeko aukerarik ez dutenek, gainera, sarreren erreserba telefonoz egiteko aukera izango dute, 685 77 09 14 telefonora deituta.