Zugastietako geralekua eta aparkalekua barriztu dituzte
Muxikako Udalak, Eusko Trenbide Sarearekin (ETS) eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean, Zugastietako autobus eta tren geraleku ondoko aparkalekua egokitzeko lanak bukatu ditu aste honetan. Bidea gurutzatzeko segurtasun neurriak ere egokitu dituzte, semaforo eta espaloiekin.
Aurreko fasean, Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak autobus markesina, espaloia eta semaforoak jarri zituen, 95.000 euroko aurrekontua baliatuz.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sareak 64.000 euroko aurrekontua baliatu du aparkalekuko plazak asfaltatzeko eta margotzeko. Orain, ETSk geltokiaren estalkia berritzeko lanak hasiko dituela iragarri dute.
Aitor Goldaraz Muxikako alkatearen esanetan, herritarrek asko eskatzen zuten gauza zen, izan ere, Muxikako eta beste udalerri batzuetako biztanleek aparkaleku honetan uzten dituzte autoak, garraio publikoaren bitartez mugitzeko. “Orain Urdaibaiko sarrerak beste itxura bat dauka”, gaineratu du Goldarazek.
Aurretik ere Ariatza auzoko irisgarritasuna eta errepidea zeharkatzeko segurtasun sistemak hobetu zituzten, “lehenik Ariatzako lanak burutu genituen, auzokoentzako arriskua handiagoa zegoelako”, azaltzen du alkateak.
“Lehen pausoa Bizkaiko Foru Aldundiaren errepide sailaren baimena lortzea izan zen”, azaldu du Goldarazek, gero ETSren eta Bizkaibusen oniritzia jaso zutenean, Muxikako Udalak lan zibilei ekin zion: argiztapen publikoa, markesina, espaloia eta semaforoak jarri zituzten. Azken hauek botoidunak dira alde bietan, segurtasuna areagotzeko.