Frantziako Kontsulatuaren aurrean batuta, Valenceko (Frantzia) espetxean preso dituzten Ibon Goieaskoetxearen eta Aletxu Zobaranen egoera salatzeko mobilizazioen berri eman dute senide, lagun eta Elkartasun sareak. Hain zuzen, Bilboko San Anton zubian elkarretaratzea egingo dute bihar, 20:00etan, eta jendarteari deialdi zabala egin diete, protesta horretan parte hartzeko. Biharko deialdiagaz batera, hilaren 13rako antolatu dituzten mobilizazioen berri ere eman dute. Hala, hurrengo asteko eguenean Bilbon, Gernika-Lumon, Plentzian eta Urduñan elkarretaratzeak egingo dituzte.
Era berean, Ibon Goieaskoetxea busturiarra eta Aletxu Zobaran euskal preso politikoak Valenceko espetxetik ateratzeko eskaria egingo diete Frantziako Justizia ministroari eta Valence espetxeko arduradunei, gutunen bidez. Bidalketa masiboa egingo dute, eta ekimen horretan parte hartzeko deia ere luzatu diete herritarrei.
Sakabanaketa politika aplikatuz, ekainean urrundu zituzten Goieaskoetxea eta Zobaran Valenceko espetxera. Euskal Herritik 952 kilometrora daude, eta, azken asteetan salatu dutenez, bi preso horien egoerak okerrera egin du. Hori dela eta, bai presoek zein senideek bizi duten egoera zaila salatu dute Frantziako Kontsulatuaren aurrean, eta Euskal Herritik gertuago dagoen kartzela batera lekualdatu ditzatela eskatu dute.
Valenceko espetxea kartzela esperimentala da, eta hango bizi baldintzak salatzeko protesta hasi zuten Goieaskoetxeak eta Zobaranek; abuztuaren 8az geroztik zigor ziegetan daude, eta ez dute bisitarik. Testuinguru horretan, orain 11 egun Zobaranen ziega erre zuten, espetxe barruan piztutako matxinada batean. Ez Goieaskoetxeak ez Zobaranek ez zuten kalte fisikorik jasan, baina matxinadaren ondorioz, kartzelaren zati handi bat kiskali egin zen, eta isolamendura joan aurretik bi preso politikoek okupatzen zuten ziegetan zegoen guztia erre zuten.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.