Abenduaren 17an lehiatuko dute Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren
finala, Bilboko Miribillan. Baina, aurretik,
bost kanporaketa eta hiru finalaurreko (sei bertsolari saioko) jokatuko dituzte.
Hain zuzen ere,
kanporaketa horietan
30 bertsolarik parte hartuko dute. Udabarriko fasetik sailkatutakoak dira gehienak, eta
bost bertsolari aurreko txapelketetan
finalista izandakoak dira:
Ibon Ajuriagojeaskoa gernikarra, Beñat Ugartetxea mallabiarra, Eneko Abasolo
Abarkas iurretarra, Miren Amuriza berriztarra eta Peio Ormazabal arrigorriagarra.
Finalaurrekoetan, berriz,
2014ko bost finalista batuko zaizkie:
Onintza Enbeita muxikarra, Xabat Galletebeitia lekeitiarra, Jone Uria algortarra, Etxahun Lekue larrabetzuarra eta Oihana Bartra bilbotarra.
Goizean Bilboko Kafe Antzokian egin duten Udagoieneko fasearen aurkezpenean zehaztu dutenez, aurtengo txapelketak “jausia edo saltoa” irudikatu nahi du: “Saltoa plazara, eta saltoa bertsolariek euren bertsokeran ematen dutena txapelketari esker”.
Helburu hori birziklatutako materialekin sortutako zabu arrosa bategaz irudikatu dute. Txapelketaren irudia, “alaia eta erakargarria” da, eta mugimenduan dago, “olgetarako gonbita eginez”.
Asier Ibaibarriaga Bizkaiko Bertsozale Elkartearen lehendakaria, Ione Narbaiza Bizkaiko Bertsozale Elkartearen Sustapen arduraduna eta Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiaren euskara zuzendaria goizeko aurkezpenean.
Sarrerak
Kanporaketa zein finalaurreko guztiak 17:30ean hasita lehiatuko dituzte. Abenduaren 17an, baina, 17:00etatik aurrera jokatuko dute
finala.
Saioak hasi aurretik,
sarrerak txarteldegian erosi ahalko dira (16:00etan zabalduko dituzte, eta finalean 15:00etan). Horrekin batera, aurreko urteetan moduan, aurretik Internet bidez eskuratu daitezke:
www.bertsosarrerak.eus atarian.
Halaber,
kanporaketetarako eta finalaurrekoetarako bonoa erosi ahal da.
TXAPELKETAREN EGUTEGIA:
- Urriak 15. Mungiako Olalde aretoan. Mikel Retolaza, Aissa Intxausti, Aitor Bizkarra, Garikoitz Sarriugarte, Imanol Uria eta Miren Amuriza.
- Urriak 22. Sestaoko Musika eskolako aretoan. Asier Galarza, Arrate Illaro, Eneko Abasolo, Inazio Vidal, Peru Vidal eta Josu Landeta.
- Urriak 23. Igorreko Lasarte aretoan. Julen Erezuma, Arkaitz Zipitria, Beñat Ugartetxea, Iñaki Iturriotz, Malen Amenabar eta Paule Ixiar Loizaga.
- Urriak 29. Leioako Leioa Kultur Auditoriumean. Ander Elortegi, Ibon Ajuriagojeaskoa, Joseba Artza, Joseba Barandiaran, Mikel Goiriena eta Txaber Altube.
- Azaroak 5. Zaldibarko Olazar frontoian. Beñat Romero, Beñat Vidal, Eneko Arrate, Igor Menika, Nerea Ibarzabal eta Peio Ormazabal.
- Azaroak 19. Markina-Xemeingo Uni frontoian. Jone Uria, Oihana Bartra, Sestaoko irabazlea, Zaldibarko irabazlea, puntuazioz hirugarrena eta puntuazioz seigarrena.
- Azaroak 27. Basauriko Artunduagako kiroldegian. Onintza Enbeita, Xabat Galletebeitia, Igorreko irabazlea, puntuazioz lehenengoa, puntuazioz laugarrena eta puntuazioz zortzigarrena.
- Abenduak 3. Larrabetzuko udal frontoian. Etxahun Lekue, Mungiako irabazlea, Leioako irabazlea, puntuazioz bigarrena, puntuazioz bosgarrena eta puntuazioz zortzigarrena.