San Inazio 48, 50 eta 52 atarietakoak etzi bueltatuko dira euren etxebizitzetara
Mendiaren egoera egonkorra dela kontuan hartuta erabaki dute udalak eta mendian lanean ari den talde teknikoak hiru atari horietako bizilagunek beraien etxebizitzetara buelta egiteaOndarroako Udalak jakitera eman duenez, ia zazpi hilabete euren etxebiz...
Mendiaren egoera egonkorra dela kontuan hartuta erabaki dute udalak eta mendian lanean ari den talde teknikoak hiru atari horietako bizilagunek beraien etxebizitzetara buelta egitea
Ondarroako Udalak jakitera eman duenez, ia zazpi hilabete euren etxebizitzetatik kanpora egon ostean, San Inazio kaleko 48, 50 eta 52 atarietako bizilagunek etzi 10:00etatik aurrera buelta egin ahal izango dute. Era berean, atari horietan dauden saltoki eta garajeetako jabeek ere erabilgarri izango dituzte euren lokalak.Mendiaren egoera egonkorra dela kontuan hartuta erabaki dute udalak eta mendian beharrean ari den talde teknikoak hiru atari horietako bizilagunak euren etxeetara bueltatu ahal izatea. «Mendiaren alde horretan goiko aldeko lurrak kendu dira, eta horma bat ere ipini da, beheko aldean buronajea egiten ari diren bitartean segurtasuna mantentzeko. Beraz, alde horretan beharginek lan egiteko segurtasun neurriak betetzen direla kontuan hartuta, San Inazio kaleko 48, 50 eta 52 atarietakoak bueltatzeko segurtasun nahikoa dagoela erabaki da».
Udalak azpimarratu duenez, pozik dago Kamiñaldeko lur jausiak kaltetutako bizilagunak apurka-apurka beraien etxebizitzetara bueltzen ari direlako. Hala ere, oraindik ere beste 84 familiak euren etxebizitzetatik kanpo jarraitzen dutela gogora ekarri du Zunbeltz Bedialauneta alkateak. «Bizilagun guztiek etxera bueltatzeko aukera eduki arte beharrean jarraitu behar dugu».
Larrialdi egoera, luzatuta
Era berean, euren etxebizitzetatik kanpo jarraitzen duten askoren etxebizitzek apurtuta jarraitzen dutela azpimarratu du Bedialaunetak. «Etxebizitza horien konponketak bideratzeko ere lanean jarraitzen dugu».
Bestalde, alkateak nabarmendu duenez, mendian egiten ari diren lanek martxa onean jarraitzen dute, eta oraingoz, larrialdi egoera bere horretan mantentzen da. «Zalantza egon da lanak larrialdi eta urgentziazko izendatzeko orduan, baina, momentuz, luzatu egingo da larrialdi egoera. Gure asmoa da larrialdi egoeran mantentzen garen bitartean urgentziazko lanak lotzen joatea, dena jarraian egitea lortzeko. Hau da, lanak ez eteteko ahalegin berezia egingo da».
Lanei dagokienez, horien inguruko txosten berria prestatzen ari da udala. «Txostena osatuta dugunean Kamiñaldeko mendi magalaren gaiaren inguruan lanean ari den lantaldean aurkezteko asmoa dugu, ahalik eta arinen finantziazioa zelan bideratu zehaztu ahal izateko».
Elkarretaratzea
Saiñazio mendi azpixan gestorak, bere aldetik, elkarretaratzea egingo du zapatuan, 10:00etan, Kamiñalden. «Herritar guztiei gorriz jantzita etortzeko deia egiten diegu», adierazi du Goizane Zabala Arrizabalaga gestoraren bozeramaileak.
Zabalak azpimarratu duenez, barikuan beste familia batzuk euren etxebizitzetara bueltatu ahal izatea oso berri pozgarria da. «Etxebizitza eta negozietara zenbat eta familia gehiago bueltatu, orduan eta positiboagoa dela uste dugu. Hala ere, azken familiak noiz bueltatuko diren kezkatuta jarraitzen dugu, eta hori lortu arte ekinean jarraituko dugu».