Oposizioak proba antolatzen duen enpresagaz lankidetza hitzarmena sinatzearen aurka bozkatu zuen azken udalbatzarrean
Zalantza askoren ostean, eta proba ez egitekotan egon badira ere, irtenbidea bilatu du Bermeoko Udalak, eta, azkenean,
mundu mailako rider profesional onenen ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da beste behin ere Bermeon,
zapatuan. Hain zuzen ere, zazpi herrialdeetatik etorritako
80 rider inguruk parte hartuko dute
Bermeo International Urban Downhill proban.
Rider bat iazko proban
Aurtengoa ez da iaz bezala Munduko muturreko bizikleta jaitsiera txapelketarako proba puntuagarria izango. Hala ere, Irune Ormaetxea Bermeoko Udaleko kirol eta turismo zinegotziak azaldu duenez, aipatu proba Bermeon egitea «
oso garrantzitsua» da, «nazioarteko kirol ekimen bat da eta horrek bisitari asko erakarriko ditu, horrek duen eragin ekonomikoarekin».
Besteren artean, Bermeoko Udalak
turismoa bultzatzeko eta Alde Zaharra biziberritzeko ahaleginak egiten dituela gogorarazi du, eta proba horrekin bi gauza horiek lor daitezke; izan ere, Alde Zaharreko kaleetatik joango da zirkuitua.
Kirola kalera ateratzea dute beste helburuetako bat, eta aipatu probarekin, hori ere betetzen dutela azaldu dute.
80 rider ingururen abileziaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek zein bisitariek zapatuan. Modalitate horretako kirolari onenatariko zenbait ere bertaratuko dira. Besteak beste, Bernardo Cruz brasildarra, Ivan Kunaev errusiarra eta Iraitz Etxebarria, Daniel Olarra eta Ivan Blanco euskaldunak ibiliko dira Bermeoko kaleetatik.
Barikuan, 17:00etan lasterketaren
briefing teknikoa egingo dutela zehaztu dute. Ondoren,
zapatuan, 12:00etan,
entrenamendu ofizialak egiteko aukera izango dute parte hartzaileek.
Finalerdiak 16:00etan hasiko dira eta
finala, berriz, 19:00etan jokatuko da.
Amaieran, 20:30ak aldera egingo dute
sari banaketa ekitaldia.
Gaur egindako prentsaurrekoan azaldu duenez zapatukoa txirrindu lasterketa bat baino askoz gehiago da, «industria oso bat da eta adrenalina, abentura eta gainditzea dira balore nagusiak». Horrez gain, sektoreko marka ezagunak ere egongo dira Bermeon, eta errealitate birtualeko erakusketa teknologikoa egingo dutela esan dute. Aurten, gainera,
umeek ere euren lekua izango dute Bermeo International Urban Downhill probaren baitan; eurentzako
ginkana berezi bat egingo dute Lameran. Egunari amaiera borobila emateko, berriz,
DJ festa egongo da 22:00etatik aurrera.
Aurtengo
ibilbidea iazkoa baino luzeagoa izango da,
kilometro batekoa, hain zuzen ere, eta
zailtasun ezberdineko hamar salto inguru egin beharko dituzte txirrindulariek. Burujabetasun zelaitik abiatuko dira riderrak, sei metroko altueratik. Ondoren, Lamerara iritsi arte era guztietako elementuen gainetik egingo dute salto: autoak, eskailerak, harriak, edukiontziak… Ibilbidea honakoa izango da: Burujabetasun zelaia, Itsasoan Galdutakoen lamera (Pergola), Txirritxa Bidea, Benito Barrueta, Tonpoi Bidea, Doniene, Etxebarria Tar Kresentzi, Artza kalea eta Lamera.
Kale horietan, proba egin bitartean, trafiko aldaketak eta murrizketak egongo dira. Bandoen bitartez zabalduko dute informazioa, eta, ibilbide guztian segurtasuna bermatzeko, herritarrei eskatzen die seinaleak errespeta ditzaten.
Ibilbideko toki ezberdinetan egingo dituzten salto guztiak «ikusgarriak» izango direla eta, herritarrei zein bisitariei ibilbide osoa egitea gomendatzen die. Hala ere, teknikoki saltorik zailena, Bego Gangoiti turismo teknikariak esan duenaren arabera, «Benito Barrueta kaletik Tonpoi Biderakoa izango da».
Desadostasun politikoa
Bermeo International Urban Downhill proba aurrera badoa ere,
ez egitekotan egon dira. Izan ere, joan den osoko eguenean egindako osoko bilkuran
oposiozioko alderdiek (Eusko Alderdi Jeltzalea (EAJ), Guzan eta Izartu) lankidetza hitzarmenaren aurka bozkatu zuten.
Bermeoko udal gobernua udalbatzarrean hartutako erabakiari buelta ematen saiatu izan dela diote, udal talde politiko guztiekin batzartuta. Hala ere, ez dute oposizioaren iritzia aldatzea lortu.
Ormaetxearen arabera, «iaz proba hau diru laguntza bidez ordaindu zen. Aurten, modu berdinean egin behar genuela uste genuen eta horretarako diru partida bat gordeta genuen. Horregaitik eraman genuen gaia osoko bilkurara. Urtarriletik bazekiten proba horrentzako partida gordeta zegoela. Egia da, probaren nondik norakoak aldatzen joan direla, adibidez, ez da munduko txapelketarako proba puntuagarria izango, baina guk ere ez genekien».
Osoko Bilkuran gainontzeko alderdien ezetza eduki ostean, irtenbide bila hasi zen udal gobernua. «
Udaleko kontu hartzaileak eta teknikariek esan digute kontratuagaz egin daitekeela. Azken ordura arte zalantzak izan baditugu ere,
herriaren eta Alde Zaharreko elkarteen babesa eduki dugu aurrera egiteko. Uste dugu herriagaz eta gure helburuekin erantzukizun bat daukagula, eta horregatik erabaki dugu egitea», esan du Ormaetxeak. Proba ez egitea «tamalgarria» litzatekeela uste du EH Bilduko zinegotziak, «etorkizunera begira egindako apustua delako».
Bermeo International Urban Downhill proban
18.000 euro gastatuko ditu Bermeoko Udalak. Jeltzaleen eta Guzanen ustez, «ez da 18.000 euro gastatzeko unea, beste lehentasun batzuk daudelako».
Guzaneko zinegotzi Xabi Ortuzarren esanetan, «hainbat izan dira aurten egin behar izan ditugun murrizketak, eta Musika Eskolako eta kiroldegiko tasak igo egin dira, bai eta IBIa ere, eta orain kanpoko enpresa pribatu bati 18.000 euro ordaintzeko». Diru hori nora bideratu daitekeen ere proposatu du Guzanek: «Zerbitzu batzordean landuta dagoen eta diru faltagatik geldituta dagoen txakurrentzako gune bat egitera, adibide bat jartzekotan».
EAJko zinegotziek ere lankidetza hitzarmenaren aurka sinatu zuten udalbatzarrean, «suposatzen duen kostuaz gain, eurekin batera landu ez den hitzarmena delako».