Gaur egun,
martitzenero, Atalde kalean
egiten den azoka,
Goiko Plazara lekualdatuko dute. Hala, lekualdatze prozesu horrek martxan jarraitzen du.
Martitzeneko azokan kale salmenta egiteko baimenak zozkatu dituzte. Argazkia: Bermeoko Udala
Atzo, Goiko Plazako azokan
kale salmenta egiteko baimenak esleitu zituzten, zozketa bidez. Bermeoko Udaletik jakinarazi dutenez,
40 eskatzailek parte hartu dute zozketan, eta
27 salmenta baimen eman dituzte. Hala ere, zozketa horretan eskatzaileek erreserba hurrenkera zenbaki bat hartu dute. Kanporaketarik, uko egiterik edo esleipenaren epearen barruan bajarik egongo balitz, erreserba hurrenkera zenbakien arabera egingo litzateke esleipen berria.
Baimena izanik, eskatzaileek legeak ezartzen duen
dokumentazioa aurkeztu beharko dute, eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela baieztatzeko.
Bermeoko Udaleko zerbitzuetako zinegotzi Benito Ibarrolazak gogorarazi duenez,
2015eko abenduan onartu zen martitzeneko azokaren lekualdatzea, udal talde politiko guztien adostasunarekin. Orain, aipatu azoka Goiko Plazan jartzeko behar diren pausoak ematen ari direla esan du Ibarrolazak, eta zozketa beste pauso bat izan dela dio.
Bermeoko asteroko azoka lekuz aldatzearen arrazoi nagusiak bi direla azaldu zuten abenduan erabakia hartu zutenean: batetik, orain arte egiten den tokian sortzen diren arazoak konpontzea eta, bestetik, Alde Zaharraren biziberritze planaren sustapena bultzatzea.