Bizkaiko hondartzen
balorazioa egin dute erabiltzaileek, eta denen artean Bermeoko
Aritzatxu izan du puntuaziorik altuena. Hain zuzen, 9,09ko nota hartu du hondartza horrek. Bizkaiko
28 hondartzen puntuazioa, batezbeste, 7,76koa izan da. Balorazio ona izan du, baita,
Ibarrangeluko Laga hondartzak, 8,15ko puntuazioarekin. Baloraziorik txarrena hartu duen hondartza, bestalde, Ea eta Ispaster artean dagoen Ogella izan da. Edozelan ere, hondartza batek ere ez ditu 6 puntu baino gutxiago jaso.
Segurtasuna izan da erabiltzaileek gehien baloratu dutena. Arlo horretan, Bizkaiko hondartzek 8,68ko puntuazioa izan dute aurten. Aipagarria da salbamendu eta sorospen zerbitzuaren eta hondartzainen lanak ere balorazio ona izan duela.
Zerbitzu eta ekipamenduei dagokienez, denen artean
Aritzatxuk du notarik altuena: 9,22, hain zuzen. Bermeoko hondartza hori, gainera,
18 eta 29 urte bitarteko gazteen artean erabilienetakoa da, Ogella eta Ea hondartzekin batera.
Ibarrangeluko Laida hondartza, aldiz,
18 eta 45 urte bitartekoek gehien erabilienetakoen artean dago. Hondartza horretako erabiltzaileen kopuruak nabarmen egin du gora, gainera: %83,04.
Hondartza denboraldiak iraun duen hilabeteetan (ekainaren 1etik irailaren 30 arte), guztira, 3.111.126 pertsona joan dira Bizkaiko hondartzetara. Hondartzek abuztuan izan dute jende gehien; eta Bizkaiko hondartzarik bisitatuenen artean laugarren postuan dago Laga (256.660).