Baserritarrez jantzi da Gernika
Euskal Jaia zela eta, zapatuan jai giroa nagusitu zen goizetik Gernika-Lumoko kaleetan. Merkatuko Plazan Errioxako ardoa eta sukalkiari eskainitako azoka berezia eta 750 pertsonentzako bazkaria ere egin zituzten.Goizean goizetik jai giroa izan zen nagu...
Euskal Jaia zela eta, zapatuan jai giroa nagusitu zen goizetik Gernika-Lumoko kaleetan. Merkatuko Plazan Errioxako ardoa eta sukalkiari eskainitako azoka berezia eta 750 pertsonentzako bazkaria ere egin zituzten.
Goizean goizetik jai giroa izan zen nagusi herriguneko kaleetan. Euriaren beldurrik barik, gernikarrak zein inguruko bizilagunak senide eta lagun artean elkartu ziren zapatuan Euskal Jaia ospatzeko.Batik bat, eguerdian batu zen jende gehien. Izan ere, orduan bota zuten Gazteak Txistulari Taldeko ordezkariek jaiari hasiera emateko txupina.
Hala ere, goizean azoka berezia egon zen Merkatu plazan, eta sukalkia eta Errioxako ardoa dastatu zuten bertaratu zirenek. Halaber, URE taldearen eskutik umeen txokoan dibertitzeko aukera ere izan zuten umeek.
Euskal Herriko Kantaguneko 510 kide aritu ziren bertaratutakoen belarriak gozatzen. Euskal Herri osotik etorritako kideek osatzen dute taldea, eta, besteak beste, Urdaibai Kantagunea, Bermeo kantari, Gasteiz Kantuz, Donostia Kantu Jira, Zarautz kantuan edota Eibarko kantuzaleak taldeetako ordezkariak egon ziren abestiak kantatzen.
Halaber, herriko Elai Alai dantzari taldeak emanaldia eskaini zuen, eta Segundo Olaetako ikasleekin kalejiran ibili ziren herritarrak. Euskal Fanfarriaren, txistularien eta trikitilarien doinu artean zeharkatu zituzten herriko kale nagusiak.
Bestalde, Piratak Herri Kirol Taldeko kideek askotariko herri kirolen erakustaldia burutu zuten Artekalen. Horiek ere jende askoren harreta bereganatu zuten.
Merkurio iturriaren parean jarri zuten herriko Gargantua ere, eta umeengan zein nagusiengan ikusmina sortu zuen.
14:30ak inguruan hasi zen Elai Alai dantzari taldearen Erregelak emanaldia, eta hura amaitu ostean, jendetza elkartu zen Merkatu plazan. Han 750 pertsona inguruk bazkaldu zuten. Indabak eta bakailaoa janda bapo geratu ziren. Tripak ondo bete ostean, kantuan eta dantzan aritu ziren ondorengo orduetan; Urdaibai Kantaguneko kideek hartu zuten bazkalondoa girotzeko ardura.
Goizean moduan, arratsaldean ere musikarik ez zen falta izan. 19:30etik aurrera, Merkatu plazatik irten ziren kalejiran, Patxaranga fanfarria lagun zutela. Gauean, berriz, Honat taldearen erromeria egon zen Pasealekuan.