Jon Koldo Bikandik irabazi du ganadutegi onenaren saria
Urriko Lehen Astelehenean, Mari Carmen Abendibarrek irabazi ditu ar eta eme onenaren sariak. 120 abelburu eta 27 ustiategi aurkeztu dira aurtengo lehiaketaraGernika-Lumon egin zuten atzo Euskal Herriko Pirenaika Arrazaren 31. Lehiaketa, eta aurtengo ab...
Urriko Lehen Astelehenean, Mari Carmen Abendibarrek irabazi ditu ar eta eme onenaren sariak. 120 abelburu eta 27 ustiategi aurkeztu dira aurtengo lehiaketara
Gernika-Lumon egin zuten atzo Euskal Herriko Pirenaika Arrazaren 31. Lehiaketa, eta aurtengo abelburu onenak Iurretako Mari Carmen Abendibar eta Jon Koldo Bikandirenak izan direla ebatzi zuten epaileek. Hain zuzen, sari nagusiak bi horien artean banatu dituzte aurten.Abendibarrek eme eta ar onenaren sariak irabazi ditu, Bikandik, berriz, ganadutegi onenaren eta hazi-jartzearen eme onenaren sariak eraman ditu. Gernikan ganadutegi onenaren saria sarritan hartu du Bikandik; zazpi-zortzi aldiz. Iaz, baina, Abendibarrek eraman zituen ar, eme eta ganadutegi onenaren sariak.
Domeka eguerdian egin zuten sari nagusiak erabakitzeko lehen saioa, Santa Anako aparkalekuan. Atzo, berriz, sari nagusiak banatu zituzten, aurkeztu diren 27 ganadutegien artean; guztira 120 abelburu aurkeztu dira aurten lehiaketara.
Bestalde, balorazio genetikoko sariak ere eman zituzten; behien kasuan, Isabel Larrakoetxea izan zen onena, eta arretan Abendibar.
Sari horiekin batera, Euskadiko Abere Ustiategien XVI. Lehiaketa ere egin zuten. Behi esne ekoizle onena Karrantzako (Bizkaia) Albizua anaiak izendatu zituzten; haragi ekoizle onenak Apodaca anaiak izan ziren Aloriakoak (Araba) eta ardi ustiategi onena Zeraineko (Gipuzkoa) Xabier Muinoa izendatu zuten.
Belaunaldi berriak
Belaunaldi berriak indartsu sartzen ari direla nabarmendu zuen Jon Koldo Bikandi beteranoak: «Aurten hiru edo lau gaztek sariak irabazi dituzte, eta urtetik urtera geroz eta gaitzagoa da haiekin lehiatzea, behi eta ganadutegi gehiago ari delako sartzen; animalia ikusgarriekin eta prestakuntza handiagaz dabiltza sartzen gazteak».
Izan ere, Mari Carmen Abendibarren ordezkari lanetan egon zen Abendibarren loba Josu Jaio sariak hartzen. Aitagaz eta osabagaz batera lanean, ganaduagaz txikitatik ibili izan izan dela aitortu du berak: «Jende gaztea ilusioagaz eta gustura dabil lan egiten bertako arrazagaz».
Ganadutegi onena aukeratzeko orduan, isko bat, behi bat bere txahalagaz eta bi behi gaztek osatutako sortak aurkezten dituzte abeltzainek. Bikandik azaldu bezala, gaitza izaten da behi onak aurkezten den iskoaren txahalagaz suertatzea. Izan ere, epaileek homogeneotasuna da bereziki saritzen dutena; behi guztiek antzeko ezaugarriak izan beharko dituzte, haragirako errendimendu ona izateko. Abelburu onenak izendatzeko orduan, berriz, epaileek behi eta idikoen ezaugarri morfologikoak aztertzen dituzte, arrazaren bereizgarriak betetzen dituztela baieztatuz eta haragia emateko etekin ekonomikoa direlarik kontuan hartzeko ezaugarri nagusienak.
«Pirenaika arrazaren ezaugarri nagusia oreka da», adierazi zuen atzo epaile izan zen Josu Payasek. «Haragiaren eta amatasunaren arteko oreka da animalia honen ezaugarri nagusia; bere kabuz jatekoa bilatzeko funtzionaltasunagaz batera».
«Lanerako eta esnerako gehiago baloratzen zen arraza zen Pirenaikarena, baina azken urteetan, industriaren garapenagaz, animalia hauek aurreko trakzioa izatetik atzekora pasatu dira», azaldu zuen Payasek; eraldatze genetiko hori haragi gehiago sortzeko egin dela zehaztuz.