Euriak ere ez du hutsik egin sanjeronimoetan
Barikuan hasi eta domekara bitartean San Jeronimo jaiak ospatzen ibili dira Mutrikuko Mijoa auzoan. Aurtengoak ere musikak, bertsoek, herri kirolek eta giro onak zipriztindutako ospakizunak izan dira.Herri esaerak dioen modura, aurtengoan ere euriak be...
Barikuan hasi eta domekara bitartean San Jeronimo jaiak ospatzen ibili dira Mutrikuko Mijoa auzoan. Aurtengoak ere musikak, bertsoek, herri kirolek eta giro onak zipriztindutako ospakizunak izan dira.
Herri esaerak dioen modura, aurtengoan ere euriak bere presentzia izan du Mutrikuko Mijoa auzoko San Jeronimo jaietan.Barikuan hasi eta domekara bitartean, jaietan ibili dira auzotarrak. Domekan amaitu zituzten ospakizunak, auzotarren bazkari eta guzti.
Auzotarrek nabarmendu dutenez, domekakoa izan zen jaietako «egunik bereziena». Mezarekin hasi zituzten ospakizunak, eta jarraian, auzoko gazteen artean herri kirol eta jolasak egin zituzten. Gazteenak herri kirolen bueltan lanean hasteko egun aproposa izan zen, eta horretan saiatu ziren. 2 urtetik aurrerako dozena bat gaztetxok hainbat herri kiroletan aritzeko aukera izan zuten, neurrira prestatutako probetan.
Desafio eta guzti
Auzotarren arteko desafioa burutu zuten ondoren. Oier Pagoagak eta Ibon Barriosek osatutako bikotea Patxi Ituarte Isasi eta Iker Egaña Ilunbe-ren aurka aritu zen. Aizkoran neurtu zituzten indarrak. Abiadura proban aritu ziren. Azkarrenak Isasi eta Ilunbe izan ziren.
Jaietako zozketako zenbaki saridunak iragarri zituzten ondoren. Honakoak dira saridunak: lehen saria 5.972 (2.604 ordezkoa) eta bigarren saria 7.454 (ordezkoa 4.443).
Barikuan, berriz, jaietako egun handia ospatu zuten: San Jeronimo Eguna. Jai eguna goizeko txupinarekin hasi zen, eta urteroko hitzorduari hutsik egin gabe auzoko ermitan batu ziren bateko zein besteko herritarrak.
11:00ak hasi zen elizkizuna, eta ohi modura, jende asko batu zen. Beste behin ere, ermita txiki geratu zen, eta, askok, abadeak esandakoak errepide ondotik entzun behar izan zituen.
Herri kirol erakustaldia
Ohitura den modura, mutrikuar eta ondarrutar asko oinez joan ziren Mijoara, eta horiek eztarriak busti eta urdailak betetzen ari ziren bitartean, Aratz Mugertza eta Aitzol Atutxa aizkolariek eta Mutriku Sokatira Taldeko kideek herri kirolen erakustaldia egin zuten.
Aizkolariek kolpeka eta abiaduran kanaerdiko enbor bana moztu zuten. Sokatira taldekoek, berriz, lokotx batzen, lasto altxatzen, lasto jaurtitzen, trontzan eta ingudea altxatzen ibili ziren, besteak beste. Erakustaldi hori bukatu eta gero, gainera, Gipuzkoaren eta Bizkaiaren arteko norgehiagoka jokatu zuten. Lehia oso parekatua izan bazen ere, lanak lehendabizi bizkaitarrek amaitu zituzten.