Dimisioa aurkeztu dute Iker Aguado eta Amaia Gaztelu zinegotziek
Izarturen baitan «jasan behar izan duen barne oposizioagatik» utzi du kargua Aguadok; hitzartutako denbora amaitu delako utzi du, aldiz, GaztelukIzartu Bermeoren zinegotzi Iker Aguadok eta Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) zinegotzi Amaia Gazteluk dim...
Izarturen baitan «jasan behar izan duen barne oposizioagatik» utzi du kargua Aguadok; hitzartutako denbora amaitu delako utzi du, aldiz, Gazteluk
Izartu Bermeoren zinegotzi Iker Aguadok eta Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) zinegotzi Amaia Gazteluk dimisioa aurkeztu dute, eta horren berri eman zuten joan den egueneko udalbatzarrean.Oskar Uribarrik zinegotzi kargua utzi ostean hartu zuen haren lekua Iker Aguadok. Dimisioa aurkezteko arrazoi nagusia «Izarturen baitan jasan behar izan duen barne oposizioa» dela esan zuen. Izartuko kideen artean dauden desberdintasun ideologikoak, politikoak, estrategikoak eta pertsonalak «sakonak» direla azaldu zuen, eta horrek guztiorrek giroa «jasanezina» bihurtu duela nabarmendu zuen.
Aguadoren berbetan, orain, oposizioa bultzatu duten horien txanda izango da. «Hemen eseri eta aurpegia eman beharko dute, eta nire lanarekiko eduki duten eskakizun maila altua herritarren aurrean erakutsi beharko dute. Lehenengo bi hilabeteetan izan zuten aukera; bi hilabete ez-emankorrak izan ziren Izarturentzat, eta espero dut dinamika negatibo hartara ez bueltatzea eta 2015eko irailetik egun arte egindako lanagaz jarraitzea».
Zinegotzi hasi zenetik Izartu Bermeok sektore ezberdinetako 30 proposamen aurkeztu dituela esan zuen: «Era berean, gure profil politikoa zehaztu dugu. Herritarrak udalera iristeko biderik zuzenena gu geu garela egiaztatu dugu, eta eraginkorrak izatea lortu dugu, zinegotzi bakarragaz eta baliabide eskasekin».
Proiektuari «hainbeste denbora» eskaini ondoren, «penaz» doa Aguado: «Gauza asko geratu dira egiteko, baina harro nago egindako lanagaz».
Jose Mari Larruzea ordezko
«Hitzartutako denbora amaituta», Gazteluk ere zinegotzi izateari utzi dio, eta Jose Mari Larruzeak hartuko du haren lekua. Orain dela bost urte EAJk beregan agertutako konfiantza eskertu zuen Gazteluk: «EAJren udal taldeak leialtasuna, lanerako prestutasuna, eta, batez ere, zintzotasuna eskaini dizkidate, eta udalean bizi izan ditudan une gogor, latz eta mingarrietan, gainera, duintasunez eta tinkotasunez eusten eta erantzuten» lagundu didate».