Basurdeak 14-11 nagusitu dira hernaniarren aurka
Denboraldiko lehen garaipena etxeko zaleen aurrean lortu dute gernikarrek. La Cuadri del hospi elkarteko umeek egin dute partidaren ohorezko sakeaBasurdeek Hernaniren kontra lortu zuten 2016-2017 denboraldiko lehen garaipena, domeka eguerdian. 14-11 ir...
Denboraldiko lehen garaipena etxeko zaleen aurrean lortu dute gernikarrek. La Cuadri del hospi elkarteko umeek egin dute partidaren ohorezko sakea
Basurdeek Hernaniren kontra lortu zuten 2016-2017 denboraldiko lehen garaipena, domeka eguerdian. 14-11 irabazi zuten Urbietan. La Cuadri del hospi elkarteko umeek egin zuten ohorezko sakea.Aurreko bi jardunaldietako porroten ostean, garaipenak hurrengo jardunaldian konfiantzaz jokatzeko balioko die gernikarrei.
Partida hasiera berdindua izan zen, eta CRE Hernanik estreinatu zuen markagailua, 5. minutuan. Hamar bat minutura heldu zen etxekoen erantzuna, markagailua berdinduta.
Hurrengo minutuetan, hobeto jokatzen hasi ziren basurdeak, aurkariaren zelaian lekua eginda. Horrela heldu zen Jorge Domingezen entsegua, 23. minutuan (8-3).
Bospasei minutu beranduago, errenta 11-3ra handitzea lortu zuten, Federico Martin Pichlerrek gaztigu ostikoa transformatzean. Baina bi minutura, Anartz Elosegi Hernaniko jokalariak gauza bera egin zuen, eta ondorioz, markagailuan bost puntuko aldeagaz jarri ziren.
Hala ere, etxeko taldeak erasoko jokaldiak sortzen jarraitu zuen, eta atsedenaldira joan aurretik, Pichlerrek beste gaztigu ostiko bat transformatzea lortu zuen. Beraz, 14-6 emaitzagaz amaitu zuten lehen zatia.
Hernaniren entsegua
Bigarren zatiaren hasieran hernaniarrak basurdeak estutzen zebiltzan, eta atzealdean larri ibili ziren etxekoak. Horiek partidaren kontrola bereganatu gura zuten, baina Ederrek txartel horia ikusi, eta jokalari bat gutxiagogaz geratu ziren. Orduan heldu zen Igor Etxeberria Hernaniko jokalariaren entsegua, eta partida amaiera arte, hiru puntuko aldeagaz aurretik izan ziren basurdeak.
Aurkariaren entseguaren ondoren, suspertu egin ziren etxekoak. Aukera bat baino gehiago sortu zuten, baina ezin izan zuten puntuak pilatzen jarraitu.
Hernani garaipena lortzeko ahaleginetan aritu zen, baina ezin zuen basurdeen atzealdea gainditu. Azken minutuetan entsegua lortzeko zorian egon ziren hernaniarrak.