Hekimenek dio Jaurlaritzaren deialdia ez dela hedabideek «behar» dutena
Jaurlaritzak irizpide nagusiak eztabaidatu gabe egin duela deialdia salatu du euskarazko hedabideen bilguneak. «Egin dutena ez da nahikoa sektorea indartzeko eta hauspotzeko»Ikasturtearen atarian, euskarazko hedabideetako inbertsio publikoari buruzko...
Jaurlaritzak irizpide nagusiak eztabaidatu gabe egin duela deialdia salatu du euskarazko hedabideen bilguneak. «Egin dutena ez da nahikoa sektorea indartzeko eta hauspotzeko»
Ikasturtearen atarian, euskarazko hedabideetako inbertsio publikoari buruzko gogoeta egin du Hekimen euskarazko herri hedabideen bilguneak. Diru-laguntza deialdiak egin dituzte erakunde publikoek, baina dei- aldi handienak ebatzi gabe daude oraindik. Horretaz kexatu da Hekimen: «Atzerapen administratiboek kalte eta buruhauste franko ekartzen diete euskarazko hedabideei. Behar-beharrezkoa dugu deialdiak garaiz erabakiko dituen diru-laguntza sistema eraginkorra». Aldaketa handiak izan dira 2016an hedabideentzako laguntzetan.Salaketa egiteaz batera, Hekimenek Eusko Jaurlaritzak, Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako aldundiek eta Nafarroako Gobernuak egindako diru laguntza eskaeren nondik norakoak banan-banan aztertu ditu.
Jaurlaritzak martxoan iragarri zuen hiru urterako diru laguntza deialdia egingo zuela. Orduan, hedabideentzako urte anitzeko planteamendua ona zela esan, baina diru kopuru bera egotea eta deialdia sektorearekin irizpideak eztabaidatu gabe egitea salatu zuen Hekimenek.
Orain, berriro ere, Jaurlaritzak egindako hiru urterako diru laguntza deialdia aurreko urteetako diru kopuruarekin egin duela gaineratu du Hekimenek: 4,9 milioi euro. Gutxiagoren artean banatuko da kopurua, Nafarroako euskarazko hedabideak laguntzetatik kanpo geratuko baitira orain hango gobernuak egin du deialdia.
Irismena jomugan
Deialdia egiteko irizpideetan aldaketa handiak egin ditu Jaurlaritzak azken urteetan; irismena kontzeptua bihurtu da giltzarri. Hekimenek azaldu du elkartearen hainbat gomendio onartu dituela gobernuak maitasuna kontuan hartzea, adibidez, baina beste batzuk, ez: «Esaterako, HPSk egindako inkestaren datuetan irakurle kopuru totalak hartzea, edo irismena ez ezik beste aldagai batzuk ere kontuan hartzea».
Jaurlaritzak lehen mailakotzat jo duen audientziaren alorrari sektoreko medioak euskal hiztunentzat «erreferenteak» direla agertu zuen Barandiaranek martxoan Legebiltzarrean egindako agerraldian. «Euskal hedabideak eraginkorrak dira, iristen dira».
Orokorrean, euskal hedabideek ez dute balorazio ona egin deialdiari buruz: «Hiru urteetan diru poltsa bera egotea eta irizpide nagusiak eztabaidatu gabe hiru urteko deialdia egitea ez da sektoreak behar duena, ez delako nahikoa berau hauspotzeko eta egonkortzeko». Ohartarazi dute, gainera, «proiektu berrietarako tokirik» ez duela uzten deialdiak.
Euskararen Erakunde Publikoak %4 igo du inbertsioa, 2012ko mailara helduz. Hala ere, ez zaie denei iritsi igoera; Euskal Irratiek salatu dute, adibidez, azken hamabi urteetan ez dutela igo irratientzako diru laguntza.
Foru aldundiak
Gipuzkoako Foru Aldundiak %38 igo ditu diru laguntzak iaztik. «Inoiz baino diru laguntza gehiago bideratuko dira Gipuzkoako euskara hutsezko hedabideetara». Gainera, eskualdeko hedabideen sustapenerako dei- aldi berria ere izango da.
Bizkaiko Foru Aldundiak, aldiz, murrizketa egin du: 50.000 euro gutxiago. «Lehengoa nahikoa ez bazen ere, aldundiaren erabakiak gehiago estutzen ditu Bizkaiko euskarazko toki komunikabideak».
Arabako Foru Aldundiak 50.000 euroko saila jarri du martxan. «Diru poltsa txikia izanda ere, aurrerapausotzat har daiteke urratsa».
Azkenik, Nafarroako Gobernuak 2010ean kendu zuten euskarazko hedabideentzako laguntza deialdia berreskuratu du, 355.000 eurorekin. Hango euskarazko hedabideek, baina, aurrekoetan baino diru gutxiago jasoko dute, Jaurlaritzak ematen ziena baino kopuru txikiagoa baita Nafarroako Gobernuak ateratakoa. Horregatik «apustu sendoagoa» eskatu du elkarteak.
Helburuei jarraituz
Inbertsioen kopuru osoari erreparatuta, igoera ageri da. Eta hori «euskal hedabideen sektoreak egindako ahaleginaren ondorioa» dela dio Hekimenek. Bide horretan sakondu nahi du, iaz jarritako helburu nagusiei begira: batetik, hainbat urterako laguntza deialdiak izatea, sektorearen onarpena izanik eta garatzeko aukera egonda; bestetik, finantzaketa igotzea, 2,5 milioi euro gehiagorekin.