Domekan hasita, sentsibilizazio kanpaina egingo da Ondarroan
Egitasmoaren helburu nagusia Gizarte Ongizate batzordeko kideek egiten duten lana herrira zabaltzea da. Etzi hasiko dute kanpaina, jardunaldi informatiboagazOndarroako Gizarte Ongizate batzordeak bultzatuta, urriaren 2tik 22ra bitartean sentsibilizazio...
Egitasmoaren helburu nagusia Gizarte Ongizate batzordeko kideek egiten duten lana herrira zabaltzea da. Etzi hasiko dute kanpaina, jardunaldi informatiboagaz
Ondarroako Gizarte Ongizate batzordeak bultzatuta, urriaren 2tik 22ra bitartean sentsibilizazio kanpaina berezia egingo da. Aurtengoa udalak horrelako egitasmo bat abian ipintzen duen bigarren aldia da, lehenengoa 2012an egin zen eta.Egitasmoaren helburu nagusia taldeek egiten duten lana herrira zabaltzea dela nabarmendu dute. «Herri mailan, egia esan, ongizateko eremua da gutxien ezagutzen dena. Batzordean parte hartzen duten taldeek hainbat ekimen egiten dituzte, eta talde bakoitzak egiten duen lana, euren egoera eta informazioa herritarrei ezagutzera ematea oso interesgarria dela iruditu zaigu», esan dute antolatzaileek.
Era berean,Gizarte Ongizate batzordea osatzen duten talde horien bueltan mugitzen diren pertsonen berri eman eta horien inguruan herritarrak sentsibilizatzea berebizikoa dela azpimarratu dute batzordeko ordezkariek. «Herritarren artean ezagutzen ez diren gaixotasunak eta ezintasunak ezagutzera ematea, eta herritarren batek edozein laguntza beharko balu talde horiek hor daudela jakitera ematea garrantzitsua dela deritzogu».
Sei mahai informatibo
Horrez gain, talde bakoitzak herriko beste taldeak ezagutzeko aukera izango du hurrengo jardunaldietan. «Besteek egiten duten lanaren berri jakitea ere ona da».
Horrela, sentsibilizazio kanpainaren baitan, etzi talde guztiek kalera irtengo dute, eta informazioa banatzen arituko dira, 12:00etatik 14:00etara, Alamedan. Aurreratu dutenez, honako taldeen mahaiak egongo dira: Adembi Bizkaia (Esklerosi Anizkoitza dutenen senideak), Minbiziaren aurkako taldea, Karenka elkartea, Arnasa (Gipuzkoako Fibrosi Kistikoaren Elkartea), Gorabide (Adimen ezintasuna duten pertsonen aldeko Bizkaiko Elkartea) eta Alzheimer Ondarru taldea.
Eurekin batera, gainera, batzordean presentzia duten Danonartin Elkartea, Antiguako Ama Elkartea eta Osasun Etxeko kideak ere egongo dira. Aldi berean, Itsasaurren Gurutze Gorriak anbulantzien ateak zabalik jardunaldia egingo du.
Ezagutza bultzatzen
Taldeak ezagutzera eman ostean, hainbat hitzaldi egingo dira hurrengo jardunaldietan. Hain zuzen ere, taldeek lantzen duten esparruagaz zerikusia duten hitzaldiak izango direla adierazi dute. Hitzaldiez gain, beste hainbat ekintza ere egingo dira. Karenkak, esate baterako, Errenteriara irteera eta hamaiketakoa antolatu ditu.
Adinekoen Nazioarteko Eguna urriaren 1ean dela eta, gainera, urriaren 14an Belaunaldi arteko eguna ospatuko dute Antiguako Ama elkartean.
Antzeko esperientzia estreinako iaz egin zen, eta aurten hiru ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako ikasleekin mahai jokoak eta txokolatada egingo dira. «Iazko esperientzia oso aberasgarria izan zen, eta aurten ere belaunaldiek elkarren ezagutza edukitzea oso interesgarria dela uste dugu. Adinekoek ekarpen asko dute egiteko, eta aldi berean, adinekoek gazteengandik ere asko ikasi dezaketela uste dugu», nabarmendu dute.