Udal talde politiko guztiak ados jarrita, Bermeoko
udaletxea berreraikitzeko laguntza eskatzeko mozioa onartu zuten atzoko udalbatzarrean.
Bermeoko udaletxea, gaur egun
2013ko apirilaren 11n, Bermeoko Alde Zaharrak Bizkaiko azken 30 urteetako suterik larriena bizi izan zuen. Sutearen ondorioz, 11 eraikin eta udaletxea kaltetu ziren, eta 72 pertsona inguru etxe barik geratu ziren. Sutearen aurrean,
udala “ahalik eta erantzunik onena” ematen saiatu zela diote, lehentasuna etxe barik geratu ziren pertsonei arreta ematea izan zela gogorarazita.
Une horietan, erakunde ezberdinen arteko
elkarlana “garrantzitsua” izan zela aipatzen dute mozioan. Hala ere, orduan hartutako
zenbait konpromiso “ez direla bete” gaineratzen dute. Konpromiso horiek betetzea “behar-beharrezkoa” dela uste dute udalbatzarra osatzen duten alderdiek, Alde Zaharra berreskuratzeko; izan ere, oraindik, udaletxea berreraiki barik dago.
Mozioan gogorarazten dutenez,
Babes Berezia duen Kultura Ondare legez katalogatuta dago udaletxea. Alde Zaharrean kokatuta dago, eta Bermeoko hirigune historikoa, Ondasun Gisa Monumento Multzo izendatuta dago; eta udaletxearen eraikina ere, Kultura Ondasun Gisa Monumentu izendapenaz sailkatuta dago. Eraikina zaintzeko, beraz, “Dekretu berak babes arauak ezartzen ditu”. Guzti hori dela eta, Euskal Kultur Ondare Legeari jarraituz, eraikina berreraikitzea “oso garrantzitsua” dela uste dute.
Horregatik guztiagatik, lanen
bigarren faseagaz hastea “ezinbestekoa” dela uste dute, zenbait arrazoi kontuan izanik: “Alde Zaharraren bizitasuna bultzatzeko, Bermeo delako Bizkaian udaletxerik ez duen herri bakarra eta gure eskubidea delako, herriko eraikin garrantzitsuenetarikoa delako, segurtasunagatik eta espazio arazoak dituztelako. Izan ere, udaletxean kokatuta zeuden idazkaritza, alkatetza, langileria eta euskara sailak Gizarte eta Kultura Etxera lekualdatu behar izan zituzten, beste talde batzuen guneak erabilita. Sarritan, zenbait ekimen egiteko espazio falta egoten da”.
Sutea gertatu ostean, Bizkaiko Foru Aldundiak udaletxearen konponketarako finantzazioan laguntzeko konpromisoa agertu zuela diote, “eta, hala gogorarazi diegu batzar ezberdinetan”. Orain, baina, “udaletxearen berreraikitzea posible egiteko, bide ezberdinak aztertuko dituztela” esaten dietela azaltzen dute. Bermeoko Udalaren ustez, erakunde ezberdinen arteko elkarlanagaz jarraitzea beharrezkoa da, eta, mozioan argi uzten dute “Bermeoko
Udala prest dagoela
dagozkion konpromisoak beregain hartzeko eta bere esku dituen baliabide guztiak jartzeko”.
Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari laguntza eskatzen die. Aldundiari, “ezbeharrak pairatzen dituzten Bizkaiko herriei laguntza eta babesa ematen dieteleko”. Hain zuzen ere, finantzatzean laguntzeko konpromisoa har dezatela eskatzen diote, eta hori betetzeko epeak adostea.
Udaletxea babes berezia duen kultura ondare legez izendatuta dagoenez, Eusko Jaurlaritzara ere bideratuko dute mozioa.
Bestalde, mozioaren bitartez,
herritarrak jakinaren gainean edukitzeko konpromisoa hartu dute alderdiek.