Basurde sena berriro Amaiur Ligan
Eibarren kontra jokatuko dute domeka eguerdian Amaiur ligako lehen jardunaldia, Unbe zelaian. Zortzi taldek lehiatuko dute liga; besteak beste, Getxoko, Durangoko, Hernaniko eta Gasteizeko taldeak izango dituzte basurdeek aurkari. Federatu edo ez zalantzan egon dira; baina, azkenean, animatu eta ligari ekiteko gogotsu daude. Denbora gutxian asko lortu dutela diote. Izan ere, hasieran ez zuten espero hainbeste jokalari izango zirenik, ezta Amaiur Euskal Ligan debutatzerik ere. “Uste dugu denboraldia aurrera joan ahala jende gehiago animatuko dela”, diote. Horixe da espero eta gura dutena, izan ere, denboraldia luzea izango da, eta lesio asko badituzte ezingo dira lehiatu: “Gutxi gaude, eta badakigu lesionatzea erreza dela”. Zaleen aurreko debuta Liga hasi aurretik, udan, bi txapelketa jokatu dituzte. Ekainean debutatu zuten Nojan (Kantabria, Espainia). Han, hondartzako zazpiko txapelketan parte hartu zuten. Lau partidetatik bakarra irabazi zuten; “baina guretzat txapelketa irabaztea bezalakoa izan zen”, diote barrez. Etxeko zaleen aurrean, baina, hilaren 18an estreinatu ziren, Eibar eta Gaztedi taldeen kontrako hiruko txapelketan. “Bi partidak galdu genituen, baina gustura aritu ginen. Denok gara berriak eta egindako lanagaz gustura gaude”, diote. Hiruko txapelketa ikusteko Urbietan jende asko batu zen. Hasieran urduri eta lotsatuta egon arren, zaleen animoek eta txaloek aurrera segitzeko indarra eman dietela nabarmendu dute. “Jende asko batu zen, tartean, espero ez genituen herrriko neska asko. Nagusien taldeko jokalariak ere egon ziren, eta hori ere pozgarria da”. Etxeko partida jokatu ostean, gero eta motibatuago daudela diote: “Kontaktuzko kirola da, baina, debutatu ondoren beldurra baino gogo gehiago ditugu”. Herritarren babesa sentitzea garrantzitsua da haientzat: “Jendea asko laguntzen ari zaigu, esaterako, herriko merkatariek dirua lortzeko otzarak egingo dizkigutela esan digute”. Estereotipoak apurtzen Beste kiroletan aritu dira gehienak, eta horien aldean errugbia kirol “konplikatua” dela diote. “Gauza asko ditu, paseak atzera egitea, hankekin zein eskuekin jolastea… Desberdinena da”. Jokalarien artean gazteenek 15 urte dituzte, eta zaharrenak 28. Errugbian hasi aurretik saskibaloian, eskubaloian edota futbolean aritu dira. Baina badira errugbian eskarmentua dutenak ere. “Karlak, Bidanek eta Maiderrek mutilen taldean, 16 urtez azpikoetan, jokatu dute. Maiderrek errugbian umetatik jokatzen du; zortzi urte daramatza”, dio Uriartek. Denen ikasketak eta lana uztartzea ez da erraza izan, baina aniztasun horrek, nolabait, taldea aberasten duela diote. Hala ere, jende gehiago behar dutela badakite, eta eskualdeko neskak errugbia probatzera animatu dituzte: “Ez da erraza neskak erakartzea. Oraindik ere neskak errugbian jokatzea ez dago ondo ikusita. Batek gurasoek eskatuta entrenatzeari utzi dio, neskentzako kirola ez dela esan diotelako”. Herrian neska gehienek saskibaloiean jokatzen dute, eta hori aldatu nahi dute: “Errugbia aukera moduan ikustea gura dugu, ez bakarrik saskibaloia edo futbola”. Oraindik orain, mito nahiz estereotipo sexistek jendartean eta kalean jarraitzen dute. Horiek apurtzearen garrantzia azpimarratzen dute. “Nik Gorputz Hezkuntza ikasten dut. Irakasleak animatu egin ninduen, baina gelako mutilek, harrituta, honetan zelan hasi naizen galdetu zidaten”. Halaber, errugbia “astakiloen” kontuekin lotzen dute batzuek oraindik. “Askok uste dute errugbian jokatzeko handia izan behar zarela. Eta horregatik asko ez datoz”. Nesketan zein mutiletan, kirol horretan denak beharrezkoak dira; bakoitzak bere abilezia eta bertuteak ditu. “Ez da fubolean edo saskibaloian moduan. Hemen denok dugu gure balioa, eta nork bere lana egin barik ez dugu ezer lortzen, ez dugu entsegu bat egiten; ezin dugu partida bat aurrera atera”.Errugbia probatzeko haiekin entrenatzera animatu dituzte eskualdeko neskak