Gernika-Lumoko urriko lehen astelehena da
Euskal Herriko abeltzainen hitzordurik nagusiena, Piriniotar Abelburuen Euskadiko XXXI. Txapelketan
urte osoko lana erakusteko aukera dutelako abeltzainek. Aurten, Santa Anako aparkalekuan 124 abelburuk hartuko dute parte kategoria ezberdinetan.
Domeka eta astelehena,
Pirenaika arrazaren, eta orokorrean lehen sektorearen erreferentziazko gune bihurtuko dira, euskal arraza honen sustapenaren alde egiten den lanagatik. Bederatzi saio egingo dira, bi ar eta zazpi eme onenak aukeratzeko. Adina, morfologia, kumea izan duten ala ez eta erakuslekutik nola ibiltzen diren ikusita aukeratuko dituzte abelburu onenak.
Ganadutegien XVI. sariketa ere egingo dute, lurralde bakoitzeko esne, haragi eta ardien ekoizle onenak aukeratuz. Probintzia bakoitzeko irabazleen artean sailkapen orokor bat ere egingo dute, onenak aukeratuz.
Juan Luis Irazabal Pirenaika Federakuntzako zuzendaria, Iñaki Gorroño Azoka eta Merkatu zinegotzia eta Koldo Bilbao, ASGAPI-ko koordinatzailea, urriko lehen asteleheneko programaren aurkezpenean.
“Zabalkuntza sumatu dugu abeltzain gazteen kopuruari dagokionez”, azaldu du Koldo Bilbao ASGAPI-ko koordinatzaileak. “Geroz eta gehiago dira Pirenaika arrazaren aldeko apustua egiten dutenak eta astelehenekoa aukera ezin hobea dute egiten duten lan genetiko erakusteko”.
Egun bietan labeldun kalitateko piriniotar okela dastatzeko aukera ere egongo da, “Domekan sei aurrealde erreko dituzte, eta
astelehenean 2.500 txahal-saieski errazio banatuko dira“, jakinarazi du Iñaki Gorroño, Azoka eta Merkatuen zinegotziak.
Bestalde, sagardoa, txakolina, ogia, euskal pastela, gazta, eta beste hainbat produkturen salmenta ere egongo da, abere erakusketaren karparen inguruan jarriko diren 30 postuetan.