Lehertzear dira sanjeronimoak
Bihar hasi eta domekara bitartean, San Jeronimo jaiak ospatuko dituzte Mutrikuko Mijoa auzoan. Egitarau oparoa prestatu dute jai batzordeko kideek, beti-betiko ohiturak eta usadioak kontuan hartuta.Mijoa auzora jai usaina zabaltzera datoz San jeronimoa...
Bihar hasi eta domekara bitartean, San Jeronimo jaiak ospatuko dituzte Mutrikuko Mijoa auzoan. Egitarau oparoa prestatu dute jai batzordeko kideek, beti-betiko ohiturak eta usadioak kontuan hartuta.
Mijoa auzora jai usaina zabaltzera datoz San jeronimoak. Bihar hasiko dituzte jaiak, eta asteburu osoan jo eta su ibiliko dira ospakizunetan. «Aurten San Jeronimo eguna barikuan denez, jaiak jarraian ospatuko ditugu. Hurrengo hiru egunetan giro ederra egongo da auzoan, denok ondo pasatzera gonbidatuta zaudete», nabarmendu dute jai batzordekoek.Bihar ospatuko dute jaiegun handia auzotarrek, eta jaien hasiera iragartzen duen txapliguak eztanda egin ondoren, auzoko ermitan egiten den mezatan batuko dira. Udalak jakitera eman duenez, gainera, San Jeronimo eguneko ospakizunetara joateko autobus zerbitzu berezia egongo da. «Mezatara joan eta ondoren izango den herri kirol saioaz gozatzeko aukera eman nahi diegu herritarrei».
Bidaia bakoitzak 0,50 euro balioko ditu, eta 10:45ean, 12:00etan eta 14:00etan aterako da autobusa biribulgune aurretik Mijoarantz. Buelta egitekoa, ordea, 12:10ean eta 14:10ean izango da.
Domeka, egunik bereziena
Ohi modura, meza ondoren herri kirolen erakustaldia egongo da. Alde batetik, Aitzol Atutxa eta Ugaitz Mugertza binakako urrezko aizkora txapeldunak aizkoran ariko dira, eta, bestetik, Mutrikuko Sokatira Taldeko kideak lokotx batzen, lasto altxatzen, lasto jaurtitzen, trontzan, ingudea altxatzen eta gurdia eramaten ariko dira, besteak beste.
Eguerdian atsedenaldia egin eta gero, familia giroan ospatuko dute arratsaldea. Pailazoen ikuskizuna egongo da, eta jarraian, Ibiriko poney gainean ibili eta zezen txikien aurrean saltaka ibiltzeko aukera izango dute gaztetxoek. Tartean, gainera, aspaldiko urteotan egin bezala, Patxilin de Isasi auzoko toreatzailea ere han ibiliko da, auzoan bilduta daudenen irribarreak sortzen.
Eguneko proposamenak, berriz, kontzertuekin amaitu dira. Su eta Belar talde mutrikuarrak Su Ta Gar taldearen hainbat kantu bertsionatuko ditu, eta ondoren, Tximeleta taldearen erromeriak girotuko du plaza.
Zapatuan, berriz, bertso afaria egingo dute Julio Soto eta Iker Zubeldia bertsolariekin, eta jendea bertaratzera gonbidatu dute. «Sarrerak aurrez erosteko aukera ere egongo da Arrieta autozerbitzuan. Bestela, San Jeronimo egunean txosnan bertan ere lortu ahalko dira».
Domekakoa izango da auzotarrentzako egunik «bereziena». Betiko modura, bateko zein besteko auzotarrek hutsik egiten ez duten eguna izaten da. Eguerdian, besteak beste, herri kirol eta jolasak egingo dituzte auzoko gazteen artean, eta jaiei bukaera emateko, auzotarrak bazkaritan batuko dira.