32 film lehiatuko dira 39. Euskal Zine Bileran
Profesionalen kategoriako 11 lan eta amateur kategoriako 21 lan onartu dituzte lehiaketan. Urriaren 16tik 23ra bitartean ospatuko da euskara hutsean egiten den bilera bakarraEuskal zinemak jarrita dauka jadanik hitzordua. Urriaren 16tik 22ra bitartean ...
Profesionalen kategoriako 11 lan eta amateur kategoriako 21 lan onartu dituzte lehiaketan. Urriaren 16tik 23ra bitartean ospatuko da euskara hutsean egiten den bilera bakarra
Euskal zinemak jarrita dauka jadanik hitzordua. Urriaren 16tik 22ra bitartean euskaraz filmatu denaren errepasoa egiteko aukera egongo da Lekeition. Udalak antolatzen duen euskara hutsean egiten den zinema bilera bakarraren 39. aldia hilabete aurretik dator aurten, baina betiko helburuak mantentzen ditu: euskarazko lan amateurrak saritu eta bidea egiten laguntzea, eta euskarazko zinemagintza profesionalaren bilgune izatea.50 lanetik gora jaso dituztela jakitera eman dute antolatzaileek, hala ere, 32 film onartu dituzte lehiaketan parte hartzeko: 11 lan profesional eta 21 lan amateur. Azken lan horien arteko bostek Gazte 22 sailean hartuko dute parte, eta euretako bi lekeitiarrak egindakoak direla zehaztu dute.
Urtero modura, lehiaketak kategoria bi izango ditu: profesionalena eta amateurrena. Kategoria bakoitzean zuzendaritza, ekoizpena, gidoia eta argazkia arloak sarituko dituzte. Profesionalen sailean, arlo bakoitza 1.600 euro eta zilarrezko antzarragaz sarituko dituzte, amateur kategoriako irabazleek, berriz, 1.000 euro eta zilarrezko antzarra jasoko dute. Horrez gain, jaialdiko saririk preziatuena, Film Onenaren saria ere profesional eta amateurren kategorietan emango dute: lan profesionalak 1.900 euro eta urrezko antzarra irabaziko ditu, eta lan amateurrak, 1.300 euro eta urrezko antzarra.
Kartel lehiaketa
Beste bi sari ere banatuko ditu Euskal Zine Bilerak, bakoitza 500 eurokoa: Gazte 22 Saria eta Lekeitioko Berdintasun Sailak ematen duen Antzar Morea.
Bestalde, 2015eko bileran Benito Ansola Bekaren irabazlea izan zen Irati Canoren Leihoak lana primiziaz ikusteko aukera egongo da. Lekeitioko Udalagaz batera, EHUren Mikel Laboa katedraren babesagaz eta Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Gizarte Ekintzarako Zuzendaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren laguntzagaz antolatzen du sari hori Topaguneak.
Estreinako, gainera, I. Kartel Lehiaketa ipini du martxan Euskal Zine Bilerak. Guztira, hamasei lan aurkeztu dira, eta irabazlea ere aukeratuta dago. Irabazlearen izena eta kartela Bilboko BBK aretoan egingo duten ekitaldian emango dituzte ezagutzera.