Sukarrietako Udalak Bizkaiko lehen sorospen zerbitzuan parte hartu zuten herritar “ausartak” eta “solidarioak” omendu gura izan ditu; herri ekimen horren 50. urteurrena ospatzen baita aurten.
Sorospen taldean parte hartu zutenetako batzuk, udaletako ordezkariekin. Argazkia: Nueva Europa
Joan den eguenean batu ziren omenaldia egiteko eta Gernika-Lumoko eta Ibarrangeluko alkateek ere parte hartu zuten; izan ere, orain 50 urte herri horiek ere parte hartu zuten sorospen zerbitzu bat martxan jartzeko ekimenean. Sukarrietako alkate Erruki Goirienak azaldu legez, “14 gazte izan ziren Bizkaiko sorospen lehen zerbitzua osatu zutenak. Orain dela 50 urte, arraroa zen udan gure inguruko norbait ito barik geratzea. Ezbehar horiengatik, Sukarrietako auzokide eta udatiarrek sortu zuten taldea 1966an”.
Jakinarazi dutenez, DYAren sortzaile Andoni Uzparitza medikuak modu aktiboan lagundu zuen Urdaibaiko hondartzen lehen sorospen zerbitzuagaz. Talde hori izan zen Bizkaiko hondartzen sorospen zerbitzuaren hasiera.
Lanean hasteko, inguruko bizilagunek, txalupak eta arraunak jarri zituzten sorospen zerbitzuaren zerbitzura. Bestalde, sokak, txilibituak eta flotagailuak erabiltzen zituztela adierazi dute. Zapatuetan eta domeketan bakarrik eskaintzen zuten zerbitzua.
Sukarrietako Udalak talde horretan parte hartu zuten horiek omendu gura izan ditu 50. urteurrenean, eta horietako batzuk parte hartu ahal izan dute omenaldian. Domina bana jaso zuten.
Honakoak izan ziren lehen sorospen taldea osatu zutenak:
- Jose Ramon Fernandez de Villaran Rezola
- Ignacio Gondra Rezola
- Enrike Sauto Ormazabal
- Rafael Padro Tobalina
- Juan Manuel Gondra Rezola
- Jose Maria Gogeaskoetxea Arrien
- Iñaki Lekunberri Thomas
- Jaime Prat Urreiztieta
- Juan Antonio Fernandez de Villaran Rezola
- Rafael San Pedro Gerenabarrena
- Juan Migel Sainz Vizcaya Ortiz Antiñano
- Luis Fernando Diez Heppe
- Manuel Suarez Migelez
- Alfonso Grijalvo Lopez